Afirmando los Derechos de las Mujeres ataleko dokumental onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi du Ander Iriartek eta Amaia Merinok zuzendutako obrak.
Igandean emango diote amaiera Malagako Zinemaldiaren 28. edizioari, baina larunbatean jakinaraziko ditu epaimahaiak sari ofizialak. Aurretik baina, sail ofizialaz gaindiko Afirmando los Derechos de las Mujeres ataleko saridunak iragarri dituzte. Bada, Ander Iriartek eta Amaia Merinok zuzendutako Indarkeriaren oi(h)artzunak lanak dokumental onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi du.
Berdintasunarekin konprometitutako zinema aitortu eta emakumeen errealitateak ikustaraztea helburu duen sailean Tamara Muruetagoienaren historia eta istorioa goratu dute. Fikzio onenaren saria Mentiste Amanda (Eva Libertad eta Nuria Muñoz) lanak eraman du, eta ikus-entzuleek Reflejos de una habitación (Ceres Machado) nabarmendu dute.
KRITIKA | INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK: Egiaren erreparazioa eta justizia
Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldian aurkeztu zuten Iriartek eta Merinok zuzendutako Indarkeriaren oi(h)artzunak dokumentala, eta garaile izan zen. Ostean, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean ere erakutsi zuten, lehiaz kanpo, eta urte bukaeran, Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Jaialdian ikus-entzuleen film gogokoena bilakatu zen.
Ondokoa kontatuko du: ETAk bere familia bahitu eta Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Tamarak, aurrez aurre, familiaren tragedia kontatzen du: iraultza zerga, ETAko talde batek 17 egunez bahitu izana, ondoren familia desegituratzea, estatuko makineriaren jazarpena, presio politikoa, epaiketa, aita eta amaren atxiloketa, torturak, hilketa… Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa, eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa.