Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu 2025ean Euskal Autonomi Erkidegoko kultur jarduera sustatzeko. Iazko kopurua baino % 4,6 gehiago suposatzen du honek, “kultur ekoizpenaren balio-katea” indartzen jarraitzeko.

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du aste honetan,  2024ko kultur programazioaren balantzearen kontu emateko eta bere sailak 2025ean kultura sustatzera bideratuko duen finantzaketaren berri emateko. Hala, lehendakariordea ere badenak azaldu du 2024an 20.600 kultur ekitaldi baino gehiago egin direla Euskal Autonomi Erkidegoan, aurreko urtean baino % 12 gehiago (18.337 izan ziren 2023an) eta 2022an baino % 27,3 gehiago (16.221). Alegia, egunean 56 ekimen.

Hain zuzen ere, Kulturaren Euskal Behatokiak landuriko EAEko kultura-programazioaren analisia. 2024. urtea txostenean jasotako datuak dira honakoak: “Sailetik oso positiboki baloratzen ditugu zifra horiek, eta erakusten dute Euskadin izugarrizko talentu sortzailea dugula, sorkuntzek eskaintzen dituzten egiturak ditugula eta parte hartzen duen eta kulturaz gozatzen duen gizarte bat daukagula”, adierazi du Bengoetxeak. Bere hitzetan, “kultura tresna bat da Euskadiko kide eta komunitate sentimendua indartzeko” eta, gobernu ordezkari bezala, indartu nahi den kultura sistema balioan jarri du.

Hala, konpromiso horren baitan, aurreratu du Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko dituela aurten kultur sektore guztien balio-katea osatzen duten eragile guztien artean banatzeko, hau da, iaz baino %4,6 gehiago. Bengoetxeak, gainera, konpromisoa hartu du deialdi eta dirulaguntza hauen erdia apirilerako ebatzita egotea eta gehiagoa uztailean. Honi esker, laguntzak eskatzen dituzten kultur erakundeek lehen seihilekoan jakingo dute zer aurrekontu izango duten beren planak gauzatzeko.

Bada, deialdien eta dirulaguntza izendunen bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literaturaren, arte eszenikoen, musikaren, arte plastiko eta bisualen, ikus-entzunezkoen, jaialdien antolatzaileen, antzerki emanaldien edo berrikuntzako proiektuen sektoreko 730 eragile baino gehiagorengana iritsi nahi du. Sektoreetatik harago,  finantzaketa hori pertsonei ere zuzenduta dagoela nabarmendu du: sortzen laguntzeko, beren proiektuak garatzeko, prestatzeko, ekoizteko, beren lana sustatzeko, banatzeko edo zabaltzeko.

2024ko kultur programazioaren analisia

Kulturaren Euskal Behatokiak, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean programatutako kultur ekitaldi guztiak aztertu ditu, euskal kulturaren atari interaktibo nagusia den Kulturklik zerbitzuak jasotzen duen agendan oinarrituta.

Kultur eragile guztiei irekitako tresna da honakoa, beren programazioa eta eduki interesgarriak zabaltzea helburu duena. Honen arabera, beraz, 2024an, hau izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultur jarduera kopurua, ekitaldi motaren arabera banatua:

  • Zinema eta ikus-entzunezkoak: 2.231 (10,8% )
  • Antzerkia: 4.408 (21,4%)
  • Kontzertuak:  5.743 (27,8%)
  • Hitzaldiak: 1.900  (9,2%)
  • Erakusketak: 1.266 (6,1%)
  • Bertsolaritza: 1.062 (5,1%)
  • Dantza: 903 (4,4%)
  • Beste batzuk: 3.313 (15,2%)