EITB taldearen Guau plataformak Klaketa bideopodcasta estreinatu du. Gaizka Izagirre zinema eta telesail kritikariak gidatzen du saioa, eta euskal ikus-entzunezko lanak aztertuko dituzte bertan.
Gaizka Izagirre zinema eta telesail kritikariak gidatutako podcasta da Klaketa, EITB taldearen Guau plataformak sustaturikoa. Euskal ikus-entzunezkoak dira saioaren ardatza, eta, hala, atal bakoitzean film edota telesail bat izango dute hizpide. Hain zuzen, hizketagai duten lan horretan aritutako profesional bat izango da saio bakoitzeko protagonista, izan aktore, zuzendari, makillatzaile, produktore, gidoilari… Elkarrizketatua sakonago ezagutzeko aukera ere eskainiko du saioak, bere ibilbidea, lanaren inguruko xehetasunak edo bitxikeriak.
Ainhoa Eskisabel eta ‘Handia’ erraldoia
Klaketa programaren lehen denboraldiak hamabi atal izango dituela iragarri dute, eta Ainhoa Eskisabel izan da aurkeztu duten lehen ataleko protagonista. Handia (2017) filmaren inguruan aritu da Izagirrerekin, bertako makilaje eta ile-apainketa lanez arduratu baitzen Eskisabel. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren historia du filmak oinarri, eta euskaraz inoiz egindako pelikularik ikusiena izan zen. Jon Garaño eta Aitor Arregi zinemagileek zuzendu zuten, eta Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiaga izan ziren aktore protagonistak.
Nazioarteko jaialdi ugarietan parte hartutakoa da, hamarnaka sari (tartean, Donostia Zinemaldian, Goya edo Feroz sariketan) jasotakoa eta mundu mailako arrakasta pilatutakoa. Izan ere, 92 kopiarekin zabaldu zuten mundura, eta hainbat herrialdetako telebista nazionaletan zein NETFLIX plataforman ere izan da ikusgai.