Korrika ardatz hartuta, euskararen egoera eta etorkizuna marraztuko duen JALGI HADI! dokumentala errodatuko du AEKak, Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrarekin batera. Baliabideak lortzeko finantzazio kanpaina abiatu dute, eta 2027ko Donostia Zinemaldian estreinatzea da helburua.
“Ez dago inon idatzita, baina euskaltzale guztiok egin dugu irakurketa bera. Euskara bidegurutzean aurkitzen da berriz eta euskaltzaleok berpizkunde berri bat abiatu behar dugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan. Horretarako, eragile guztien arteko eztabaida irekia behar dugu, elkarri entzun, eta batu. Eta ez da ezer metatzaileagoa Euskal Herrian Korrika baino”. Euskaltzaleon artean partekaturiko kezkari heldu eta ikusgarritasuna eman asmoz abiatu dute , AEKak eta Mirokutana eta Ander Iriarte zinemagilea buru duen Mirokutana ekoiztetxeak “bihotza eta burua elkartuko dituen proiektua”.
Alde batetik, bihotza: Denen gorputza dantzan jartzen duen Korrika barrutik bizitzeko aukera emango baitio ikusleari. Korrika posible egiten duen taldea jarraitu eta bidean sortzen diren kezkak eta arazoak ezagutu, eta Korrikaren emozioa lehen pertsonan bizitzeko. Eta bestetik burua: soziologo, antrolopologo, hizkuntzalari, kulturgile, politiko eta beste hamaika euskaltzaleren topagune bihurtuko baitute filma. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko.
Bakarrik ezin da, bidelagunekin bai
Finantzaketa kolektiboko kanpaina bati lotuta aurkeztu dute proiektua, ezinbestekotzat jo baitute herriaren babesa.
Goteo plataformaren bidez, JALGI HADI! dokumentalaren orrialdean bilduko dituzte ekarpenak. Norbanakoek, familiek, lagunek, elkarteek… egin ahal izango dituzte ekarpenak, eta apirilaren 25era arte egongo da zabalik horretarako aukera.
Ikusi kanpainaren xehetasunak, HEMEN.