Martxoaren 24tik 28ra bitartean, Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketa gauzatuko dute Donostian eta Tolosan. Zinema emanaldiez gain, zinemagile eta adituen solasaldiak hartuko ditu 2025eko egitarauak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun eta Kultura Departamentuek antolatuta, Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketak bosgarren edizioa izango du aurten. Ohi bezala, naturarekin lotutako ikus-entzunezkoen emanaldiak izango dira erakustaldiaren ardatza, baina solasaldiek ere osatuko dute programa. Donostiako Kursaalean egingo dute irekiera-ekitaldia, Kantauri itsasoaren sakonenera eramango gaituen Kantauri (Xabier Mina eta Isaias Cruz) dokumentalaren estreinaldiarekin. Itsasoaren edertasuna, ekosistema, aberastasun ekologikoa eta hura kontserbatzearen garrantzia deskubritzeko xedea du obrak, eta apnean aditua den Marta Felurian du gidari. Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo da sortzaileekin.
Donostiako Aquariumak hartuko du zinema erakusketaren bigarren saioa, hilaren 26an: Gringo Trails (Pegi Val). Turismoaren eta naturaren arteko harreman korapilatsua du filmak ardatz, eta hain zuzen ere, gaiaz hausnartzeko aukera egongo da pelikula ikusi ostean. Michaela García (proiektu kudeatzailea Nafarroako Gobernuko NASUVINSA – Lursarea enpresa publikoan, Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzian) eta Ekaitz Zubeltzi (naturazale eta abenturazalea, Bizibiziki turismo aholkularitza enpresako koordinatzailea eta aholkularia) izango dira partaideak.
Hurrengo egunean, RTVEk ekoiztutako Fauna iberica (Alberto Redondo) dokumentala emango dute, Tolosako Topic zentroan. Sei atalez osatuta, iberiar faunaren alderdi ezezagunak erakusten ditu; oinarri zientifiko sendoa du, baina mezua publiko orokorrarentzat erakargarri egiten duen dibulgazio mailarekin. Zinemagileak bertatik bertara kontatuko ditu dokumentalaren ingurukoak.
Azkenik, Tolosan bertan, Territory (Álex Galán) lanak emango dio amaiera, Gnat Zinema – Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakusketaren bosgarren edizioari, zuzendariaren parte hartzearekin: Asia Erdialdeko estepan, kirgiz artzainak mamu batekin gatazkan bizi dira. Ehiztari eta nomadekin partekatzen dute lurraldea. Darko Peric aktore serbiarrak, ibilbidearen unerik onenean dagoela, erredentzio bide bati ekiten dio bere sen galduetarantz. Kirgizistango mendi gailurrak mundu basatiaren mugetara egindako ibilaldiaren lekuko izan dira.
Saio guztietarako sarrerak egoitza bakoitzeko leihatiletan zein webguneetan eskuratu daitezke.
Informazio osagarria, hemen.