Gasteizko erdigune historikoak Gazte Plaza ekimenaren lehenengo edizioa jasoko du apirilaren 4an eta 5ean. Honen baitan, sorkuntza kulturaleko 22 doako jarduera egingo dituzte, 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta, besteak beste, Rally Zinematografikoa.

Gazteek hiriko aisialdi-eskaintza alternatiboan duten parte-hartzea eta kolaborazioa indartzea litzateke Gazte Plaza egitasmoaren helburua,  eta hainbat elkargune eskainiko dituzte, gazteek euren sorkuntza artistikoak garatu ahal izateko. Hala, Gazteen talde eragile batek diseinatu du programazioa, eta honakoetan garatuko dira jarduerak: Montehermoso Kulturunea, Landatxo kiroldegia, Arkupeko eremua eta Santa Maria, Buruileria eta Aihotz plazak. Gainera, jarduera ibiltariak ere izango dira.

Lehenengo jardunaldia, apirilaren 4koa (ostirala), 17:00 eta 23:00 artean garatuko da. Rally zinematografiko bat egingo dute Montehermoson, Yurena Carrerok antolatuta. Bertan, euren sormena eta erlojupean istorioak kontatzeko duten talentua erakutsi ahal izango dituzte parte-hartzaileek. Halaber, larunbatean, apirilaren 5ean, jarduerak 09:30ean hasiko dira eta 23:00etan amaituko dira. Hain zuzen, bigarren egunean jasoko du erakusketak rally zinematografikoaren bigarren zatia, sari banaketarena.

3 eta 5 parte-hartzaile arteko taldeek gehienez 5 minutuko film labur bat asmatu, grabatu eta editatu beharko dute, Alde Zaharra agertoki nagusi gisa erabiliz. Lehiaketaren gaia eta baldintzak apirilaren 4an 17:00etan jakinaraziko dira, lehiaketari hasiera emanez. Une horretatik aurrera, 24 ordu baino gutxiago izango dituzte beren lanak entregatzeko.

Izan ere, larunbatean, 20:15etan, ospatuko da sari-banaketa, publikoari irekitako ekitaldian. Bertan, aurkeztutako film laburrak proiektatuko dira eta irabazleak iragarriko dira. Proposamen irabazleak 500 euroko saria jasoko du.

Izen ematea, zabalik

Iragan martxoaren 13tik hilaren 30era (00:00etan) bitartean egongo da zabalik formulario bidezko izen-ematea. Oinarrietan zehaztu dute talde bakoitzak bere film laburra grabatzeko eta editatzeko behar duen material guztia eraman beharko duela, ez baita ekipamendu teknikorik emango, ezta lanak editatzeko eta entregatzeko lekurik ere.

Era berean, antolakuntzak ez du erantzukizunik izango ekitaldian zehar gerta daitezkeen galera, kalte edo lapurreten gainean. Erabilitako material teknikoa ez da irizpide erabakigarria izango film laburrak baloratzeko, eta, beraz, edozein material izango da baliozkoa.

Xehetasun gehiago, HEMEN.