Nabarmen handitu da lurraldea agertoki izan duten film, telesail eta bestelako formatuetako proiektuen kopurua. Era berean, aholkularitza zerbitzua indartu du Nafarroa Film Commissionek.

Nafarroa Film Commission 2024-zinea

Nafarroa Film Commissionek 2024ko datuen berri eman du. Argitu dutenez, beren proiektuen errodajeetarako bertako txoko ezberdinak aukeratu zituzten ekoizpen kopuruak gora egin du nabarmen, izan ere, 187 lanen agertoki izan zen lurraldea: fikziozko 15 film luze, 23 dokumental, animaziozko 2 eta obra esperimental bat; bestetik, 25 film labur, 11 dokumental, animaziozko 2 eta 3 esperimental. Telesailei dagokienez, fikziozko 3 eta bi dokumental.

Horien artean dira, besteak beste, Williamstarrak (Raul dela Fuente), iragan asteburuan zinemetara iritsi den Todos lo sabían (Iratxe Perez Barandalla), Iratiko oihanean, Urbasan edota Eugin errodatutako La caza, Irati (Agustín Martínez, Luis Moya e Isa Sánchez)  telesaila, edota ekainean estreinatuko den La buena suerte (Gracia Querejeta).

Aurten, gainera, berrikuntza gisa sektoreko jarduera zehatzago aztertzeko metodologia jarri dute abian, hala, 2024an 1777 errodaje egun zenbatu ahal izan dituzte; aurreko aldian 681 izan ziren.

Gainera, ikus-entzunezko pizgarri fiskala berrikusteak ekarri duen bultzadak –Foru Exekutiboak urte amaieran onartu zuen 2024an filmatutako ekoizpenetarako atzeraeraginezko izaerarekin– bikoiztu egin du Film Commissionen aholkularitza eskaeren kopurua, iazko epe berarekin alderatuta. Hala, 100 film eta gainerako formatuetako 47 proiekturi aholkularitza eskaini dituela zehaztu du Nafarroa Film Commissionek.