Arthur Bourbon frantziar zinemagilearen We the Surfers film luzea izan da festibaleko lan irabazlea.
Surfarekin lotutako gaiak eta edukiak jorratzen dituen Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiak 10. edizioari amaiera eman dio dagoeneko. Hilaren 13tik 16ra bitartean ospatu dute ekimena, eta 25 herrialdetako 62 film proiektatu dira Bilbon eta Getxon. Bada, mundu osoko zinemagileek parte hartu dute 2025eko ekitaldian, Arthur Bourbon frantziar zinemagilearen We the Surfers film luzea nagusi izan delarik; film onenaren sariarekin aitortu dute. Aldiz, Jonathan Smit zeelandaberritarraren They Call Me Wazza lana izendatu dute film labur onena.
Getxoko Udalaren eskutik banatutako Epaimahaiaren Saria Julián Azulay argentinarraren Territorio Africano II pelikularentzat izan da, eta Dani Millan kanariarraren Piko & Pala skate-filmak film onenaren saria jaso du Akzio Kirolen kategorian, Aloka eta Fangaloka kolaboratzaileek emana.
Proiektu euskal herritarrak ere saridun izan dira. Irekiera-ekitaldian erakutsi zuten Igor Bellidoren Sensei film laburrak ikus-entzuleen saria zein euskal film onenarena irabazi ditu.
Sari-banaketa ekitaldia Itsasmuseum Bilbaon egin zuten igandean, eta EITBk zuzenean eskaini zuen. Bertan, argazki lehiaketako irabazleen berri ere eman zuten. Bizkaiko bi argazkiari izan ziren onuradunak: Mikel Gorostiza eta Asier García Miranda. Jaialdiaren historiako hamarkadan lehen aldiz, gainera, Ohorezko Aipamena egin zitzaion Eddie “El Gato” Elguera skater kaliforniarrari, skatearen kondaira bizia eta 70eko hamarkadako aitzindariari. Golden Era of Skateboarding filma aurkeztu zuen Azkuna Zentroan, eta solasaldi bati bide eman zion.