La fuga de San Cristóbal film luzea ekoitziko du Bixagu Entertainment ekoiztetxeak, historia garaikidearen ihesaldi handiena irudikatuko duen proiektua. Fikziozkoa lana izango da, Natxo Lopez nafarraren gidoiarekin.
Iruñerrian kokaturiko Ezkaba mendian dago San Kristobal gotorlekua, XX. mendearen lehen erdian espetxe bilakaturikoa. 1938an San Kristobal gotorlekuak 2.487 preso zituen, gehienak sindikalistak eta errepublikazaleak. Espetxearen egoera latza zen oso: jipoiak, gosea eta zorriak nonahi. Hori zela eta, 1937ko urtarrilaren 1etik 1945eko uztailaren 6an presondegia itxi arte 305 preso hil ziren.
Bada, 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok egindako ihesaldia izango da filmaren muina. Ihesaldia hogeita hamar presok zorrotz antolatu zuten. Operazioa afarian hasi zen, une horretan zaindariak sakabanatuta zeudelako. Taldeka banatu eta zenbait zaindariri armak kendu ondoren, guardia konpainia afaria egiten ari zen lekura joan ziren. Aurre egin zien guardia bat barra batekin jo eta hil egin zuten. Laster, garitetan zeuden soldaduak ere errenditu egin ziren. Ordu erdi bat baino ez zuten behar izan presoek gotorlekua bereganatzeko eta, handik, kanpoaldera atera ziren. 795 iheslarietatik 585 harrapatu eta eta 187 erail zituzten, horietatik 24 identifikatu gabeak. Ordea, hiruk muga zeharkatu eta askatasuna lortu zuten.
Hain zuzen ere, hiru gizon hauek inspiratu dituzte La fuga de San Cristóbal filmeko protagonistak: Valentín Lorenzo Bajo, Jovino Fernández González eta José Marinero Sanz. Lanak, beraz, gure historia komunaren pasarte bat azalduko du, askorentzat oraindik ezezaguna, gatazka klasiko eta unibertsal bat aurkezten duena: gizon errugabeak preso hartuta, biziraupenaren eta askatasunaren alde borrokatzera behartuak.