Asteartean, hilaren 18an, Emakume fusilatuak. Oroimen absentea (2021) dokumentala proiektatuko dute San Telmo Museoan, Memoriaren basoak erakusketaren harira. 19:00etan hasiko dute emanaldia eta, ostean, Mikel Aizpururu historialariak gidaturiko solasaldia izango da.

Ia ordubete irauten duen ikus-entzunekoak Juana Mir kazetari fusilatuaren historia du ardatz, eta 1936ko gerrak torturatutako eta fusilatutako beste emakume askoren istorioak dakartza gogora.

Juana Mir, Gerra Zibila hasi zenean matxinatutako armadaren krudeltasuna salatu zuen kazetari eta idazlea izan zen. 1936tik 1945era, 984 emakume izan ziren gerraren biktimak, hildako guztien ehuneko 5a. Horietatik 18, Gerra Kontseiluaren ondoren exekutatu edo fusilatu zituzten, eta 42, berriz, epaiketaz kanpo hil zituzten. Gerra Zibilak hil eta historiak ahaztu zituen.

Bada, emakume fusilatu horien oroimenez, gertatutakoa azaleratzeko helburuz ondutako pieza dokumentala duzue honakoa, EITBk Gogora Institutuarekin elkarlanean egindako memoriaren eta giza eskubideen inguruko Memoria eraikiz bildumakoa.

Arratsaldeko 19:00etan abiatuko dute proiekzioa, elebitan, eta, ostean, Mikel Aizpururu historialari eta ikerlariak gidaturiko solasaldi baterako tartea izango da. Otsailaren 22tik maiatzaren 11ra bitartean, San Telmo Museoan ikusgai den Memoriaren Basoak erakusketaren harira prestaturiko ekitaldi osagarria da honakoa, eta sarrera librea izango du, lekuak bete arte.