Ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuen testigantzetan sakontzeko asmoz ondu du Iratxe Perez Barandalla zuzendari nafarrak Todos lo sabían dokumentala. Iruñeko Golem Yamaguchi eta Lizarrako Los Llanos zinemetan proiektatuko da gaurtik aurrera.

“Denek baldin bazekiten, zergatik iraun zuten hainbeste abusuek?” Denek dakite (ia) beti, eta inork ez du ezer esaten. Lotsak, erruak eta beldurrak zauri sakonak marraztu ohi ditu abusatuen sufrimenduan, eta isiltasuna betikotu. Bada, zuzendariaren ustez, ezinbestekoa da gizarteari ulertaraztea abusu horiek biktimen bizitzan duten eragin suntsitzailea. Ulergaitza dirudienaren kausak eta ondorioak aztertzeko premisatik abiatuta ondu du Todos lo sabían dokumentala.

2023ko urrian, Arartekoak Espainiako Eliza Katolikoko sexu abusuei buruzko ikerketa txostena aurkeztu zuen Kongresuan. Testigantza hauen oihartzuna Europako Parlamentura ere iritsiko da. Paraleloan, José Luisek bere anaia Javierrek idatzitako agur gutuna jasoko du bere koinataren eskuetatik. Bertan, biek txikitan ikasi zuten barnetegian jasandako sexu abusuak kontatzen dizkio. Erakunde arduradunen erantzuna lortzeko huts egin ostean, bere kasua publiko egitea erabakitzen du.

Animazioaz baliatu da zuzendaria abusuak pantailan irudikatzeko, eta Jose Luis bezalako biktimen testigantzekin josi du kontakizuna.

Filma gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, oraingoz, Iruñeko Golem Yamaguchi eta Lizarrako Los Llanos zinema-aretoetan. Aldiz, atzo, ostegunarekin, egin zuten aurkezpena Iruñeko Golem Baiona aretoetan. Zuzendariaz gain, bertan izan ziren, besteak beste, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria; Eduardo Santos Justizia kontseilari ohia; eta eskola erlijiosoetan sexu abusuak pairatutako biktimetako batzuk.