Martxoaren 13arekin eman diote hasiera film luzeen proiektuen azken fasean dauden zuzendariei eta ekoizle berriei tutoretza eta laguntza emateko Noka Ekoizpena programaren lehen moduluari. Jardunaldian zehar, aukeratutako zuzendariek euren proiektuen aurkezpena egiteko aukera izan zuten.
Noka Ekoizpena egitasmoaren helburua da Euskadiko, Nafarroako edo Iparraldeko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean tutoretza eta laguntza eskaintzea. Hautagaiek aurre-produkzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute Estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Bestela esanda, denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die parte-hartzaileei: ekoizpena planifikatzeko laguntza jasotzen dute, filmaketarekin hasi ahal izan daitezen, eta prozesua amaitzeko, pitch profesional bat egingo aukera ahalbidetzen zaie.
Bada, hilabete hasieran aurkeztu zituzten egitasmoaren bigarren edizioan aurkezturiko profesionalak, eta atzoko egunez, martxoaren 13arekin, ekin zioten prestakuntzaren lehen moduluari. Tabakaleran ospatu zen jardunaldian zehar, aukeratutako zuzendariek euren proiektuen aurkezpena egiteko aukera izan zuten. Hala, Zaira Zanguituk Pajarracos ezaugarritu zuen, eta Maria Monrealek, berriz, El santo que vestí. Gainera, Laura Lizuma eta Margarita Rodriguez ekoizleek ere parte hartu zuten saioan, programa osoan zehar proiektu horiei laguntza ematen egongo diren ekoizleak baitira.
Halaber, Mar Coll, Itsaso Arana, Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre aholkulariek ez ezik, Sara de la Fuentek ere parte hartu zuen ekoizpen zatian laguntzeko, eta Katixa Agirrek gidoiak garatzeko. Aldi berean, Bea Setuainek dokumentalak egiteari buruzko ezagutzak partekatu zituen Zaira Zanguiturekin.
Hurrengoa, maiatzean
Bigarren topaketa maiatzean izango da eta parte-hartzaileek beren gidoien idazketan sakontzeko aukera izango dute, programa hasi aurretik aurkeztutako gidoietan hobetu beharreko alderdiak aztertuz. Era berean, ekoizleek proiektuetan sakonduko dute eta filmaketa planari, banaketari eta kokapenei buruzko klase teorikoa izango dute.
Gainera, jardunaldia biribiltzeko, mentoretza bat izango dute zehazteko jasangarritasun-politikak nola inplementatu proiektuan, elkarrizketa inklusiboak lantzeko eta plangintzan ‘green’ irizpideak modu naturalean barneratzeko.