Donostiako Film Laburren Festibalak bederatzigarren ediziora lanak aurkezteko deialdia martxan jarri du. Epea maiatzaren 31ra arte izango da zabalik, eta izen-ematea Festhome eta Film Freeway plataformen bidez egin beharko da. Euskal ekoizpenek ez dute izen-emate kuotarik ordaindu beharko.

Donosskino 2025-deialdia-zinea

Kristonkino ikus-entzunezko fikziozko kolektiboak 2025eko urrian ospatuko du 9. Donosskino  film laburren festibala, eta dagoeneko proposamenak aurkezteko deialdia zabaldu dutela iragarri dute. Sortzaileek maiatzaren 15era arte dute izena emateko aukera, Festhome eta Film Freeway plataformen bidez.

Gehienez, 30 minutuko iraupena duten fikziozko film laburrak galdegin dituzte, eta ezinbestean, horiek 2024ko ekainaren 30etik aurrera ekoiztutakoak izan beharko dira. Aldiz, ez dute onartuko publizitate edota bideo komertzialik. Gaineratu dutenez, gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza batean aurkeztutako lanei gaztelaniaz edo euskarazko azpitituluak txertatu beharko zaizkie.

Espainiako lurraldeko eta nazioarteko film laburren inskripzio-kuota 3 eurokoa izango da maiatzaren 15era bitartean; 5 eurokoa, aldiz, epea bukatu arte (maiatzak 31). Euskal produkzioen kasuan, ostera, ez dute tasarik ordaindu beharko.

Jasotako lanen artean, hautaketa batzordeak festibalean ikusgai izango direnak aukeratuko ditu, eta behin sail lehiakorretan erakutsiko dituztenak aukeratuta, zinema arloko profesionalek osatutako epaimahaia arduratuko da horiek ikusi eta baloratzeaz. Ondoko sariak ebatziko dira guztira: Shortzinema saria film labur onenari, interpretazio onena, euskal film labur onena aitortuko duen Etxean Sortuak saria eta ikus-entzuleen saria.

Deialdiaren oinarriak eta baldintzak ezagutu.