Loraldiak gazteei zuzendutako sormen-egonaldiaren ebazpena jakinarazi du, gazteen euskarazko kultur-proiektuak sustatzeko ekimenaren baitan. 9 proposamen aurkeztu dira deialdira, eta horietatik 7 proiektu hautatu dituzte, tartean, ikus-entzunezko gidoi baten garapenerako bat.
Loraldiak gazteen sormena bultzatzeko espazio bat eskainiko du 2025. urtean ere, kultur diziplina ezberdinetan euskarazko proiektuak garatzeko. Loraldia Festibalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Lekeitioko Udalaren babespean antolaturiko gazte sormen-egonaldiaren edizio berri hau ekainaren 23tik 27ra egingo da Lekeition, eta parte-hartzaileek tutoretzapeko lana, lanerako espazioak eta Lekeitioko Sormen Astearen kultur-ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute.
Proiektu hautatuak diziplina ezberdinetako sortzaile gazteen sormen prozesuak bultzatzea du helburu, hala nola musika, literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta performancea. Egonaldian zehar, parte-hartzaileek haien proiektuak garatu ahal izango dituzte. Era berean, kultur sormena piztea, euskaraz egiten den kultura garaikidea ezagutzea, gazte giroan disfrutatzea, kostaldeko herriko udako giroaz gozatzea eta, noski, euskaraz bizitzea dira egonaldiaren helburu nagusiak.
Bada, Loraldiak berriki eman du ezagutzera deialdiaren ebazpena. Orotara, 9 proposamen aurkeztu dira, eta horietatik 7 izan dira hautatuak, diziplina anitzak jorratzen dituztenak. Honenbestez, guztira 17 gazte izango dira sormen egonaldiaren onuradunak, eta bertan erreferentziazko sortzaile profesionalen tutoretzapeko laguntza izango dute.
Hauek dira sormen-egonaldia egingo duten zazpi proiektuak eta lantzen dituzten diziplinak:
- Zitekeenaren galdera batzuk – Gari Arambarri | Ikus-entzunezkoa – Gidoigintza
- Irhitzi – Maddi Etxeberria | Musika – Literatura
- Ibiltariak kaleetan zehar – Oier Agirre , Maite Gandia, Nerea Sanz eta Hekthor Briñas / Folk | Kale antzerkia – Musika – Performancea
- Harremanak – Lide Arrieta eta Noa Andueza | Literatura
- Amultsuki – Joane Zarragoitia, Antia Lopez eta Jone Muruzabal | Musika
- Ximurrak – Gontzal Royuela | Teatroa – Dramaturgia
- Bertikaltasunetik haratago – Nora Urdanpilleta, Markel Urrestarazu, Pino de Pablos, Nerea Sanz eta Aritz Castillo | Teatroa – Dantza – Performancea
Ikusi xehetasunak, HEMEN.