La Jetée (Chris Marker, 1962) eta L’Année dernière à Marienbad (Alain Resnais, 1961) pantailaratuko dituzte, bihar, Donostiako Tabakaleran.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek programatutako Gazteak zinean zikloak 2025eko hirugarren saioa hartuko du gaur, Donostiako Tabakaleran. 19:00etan hasiko da saioa, eta 60ko hamarkadako bi film frantziar izango dira ikusgai: La Jetée (Chris Marker, 1962) eta L’Année dernière à Marienbad (Alain Resnais, 1961).
Oroimenaren botereari buruzko istorio esperimentala da La Jetée, argazki finkoen bidez kontatua. Gizon bat bere maitearen oroitzapena berreraikitzen saiatuko da bertan, Hirugarren Mundu Gerraren garaian. Zientzia-fikziozko film frantses berezia da, 12 Monkeys (Terry Gilliam, 1995) pelikula estatubatuar ezaguna inspiratu zuena.
Gerra nuklear apokaliptiko baten ondoren, mundua suntsituta geratu da. Irabazleen aldeko zientzialari talde batek ondorioztatu du gizateria salbatzeko modu bakarra denboran bidaiak egitea dela: edo pertsona bat iraganera bidaltzea laguntza eskatzeko, edo etorkizunera, egungo egoerari irtenbidea bilatzeko. Denboran zehar bidaia egiteko aukeratua preso bat da.
Bestetik, memoriaren inguruan ondutako film sortaren baitan koka daiteke Resnaisen L’Année dernière à Marienbad: dekorazio dotore baina apaindura gutxiko nazioarteko hotel handi batean -urrezko panelak, estatuak eta zerbitzariak eserita dituen marmolezko unibertso batean- zereginik gabeko bezero aberats eta anonimoak hara eta hona dabiltza, ausazko jokoaren, dantzaren, elkarrizketa mundutarren edo pistola-tiroen lege zorrotzei seriotasunez baina grinarik gabe begiratzen dieten bitartean.
Leave A Comment