Besteak beste, 80 gonbidatu eta 465 akreditatu izan dira Iruñean. 2026ko martxoaren 2tik 7ra ospatuko den 20. edizioak zuzendari-artistiko berria izango du.

Punto de Vista 2026-zinea

Otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean ospatu da 19. Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren jaialdia, eta arduradunek adierazi dutenez, 6.500 pertsona zenbatu dituzte emanaldietan zein bestelako jardueretan. Ikus-entzuleak, kazetari eta kritikariak, mundu osoko zinema arloko profesionalak eta zinema ikasleak bildu ditu 2025eko ekitaldiak. Besteak beste, 80 gonbidatu eta 465 akreditatu izan dira Iruñean, 2024an baino % 8 gehiago.

Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatuta, ez-fikzioko zinema jaialdien artean erreferente izatea lortu du Punto de Vistak. Bada, beste behin, “pantaila handian nekez ikus daitezkeen izenburuak jaso” dituztela azpimarratu dute: 60 film inguru eta 70 saio programatu dituzte, 6 ataletan, eta horietatik, 13 herrialdetako 17 film (10 film luze eta 7 labur) lehiatu dira sail ofizialean.

19. Punto de Vistako sail ofizialeko filmen kritikak

Bada, irabazle suertatu da Jose Luis Sepúlvedak eta Carolina Adriazolak zuzendutako Cuadro Negro, Txileko armadari buruzko dokumentala, epaimahai ofizialaren sari nagusia eta gazteriarena jaso baititu. Zuzendari onenaren Jean Vigo sariarekin, Anne Benhaïem (La limace et l’escargot) errekonozitu dute; eta Wonwoo Kim-en Writing poems at the end of the world izendatu dute film labur onena. Epaimahaiak bi aipamen berezi egin ditu baita: La prunelle rouge (Pierre Louapre) eta A. (Ramón Balcells).

Ikus-entzuleek, beren aldetik, Marina Lameiro eta Maddi Barber etxeko bi zuzendariek  ondutako Cambium izan dute obra gustukoena.

19. Punto de Vistako palmaresa

Zuzendari-artistiko aldaketa

Lau urteko txandakatze arauari segika, Manuel Asinek agur esan dio dagoeneko festibalari. Otsailaren 24tik martxoaren 1era bitartean ospatu den 19. edizioa izan du azkena zuzendari-artistiko karguan, eta festibaleko arduradunek adierazi dutenez, “laster irekiko da kargua hartzeko proposamenak egin nahi dituzten pertsona guztiek hautagaitzak bidaltzeko epea”. Bada, 2026ko martxoaren 2tik 7ra ospatuko duten 20. Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdian abiatuko da ziklo berria.

Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle titularra zela iritsi zen kargura, 2021ean. Garai hartan, Madrilgo Master LAV zinema esperimentalaren eta ikus-entzunezko arte garaikidearen laborategian ere klaseak ematen zituen.

Punto de Vista jaialdiak Garbiñe Ortega zuzendari artistikoaren ordezkoa bilatzeko lizitazio publikoa zabaldu zuen 2021eko martxoan, eta aurkeztutako proposamenen artean, Asínena gailendu zen, nagusiki, “profila oso egokia delako eta prestakuntza zein esperientzia zabala dituelako, erakunde ugarirekin egindako lankidetzen bidez”. Gainera, Punto de Vistaren proiektuaren azterketa osoa, zehatza eta sendoa eskaini zuela nabarmendu zuen balorazio batzordeak, eta etorkizunerako proposamen argia egin zuela, gizarte-gaietan, inklusioan eta berdintasunean interes handia erakutsiz. “Horrek guztiak pentsarazten digu jaialdiaren ibilbideari egingo dion ekarpena oso aberasgarria izan daitekeela, eta oso eragin positiboa izan dezakeela festibalaren nortasun eta nazioarteko irismenaren bilakaeran eta finkapenean”.