18:30ean hasita, zinemagile estatubatuarrarem biografia eta bere sormen-prozesuak -E.T. The Extra-Terrestrial (1982) klasikoa abiapuntu- ezagutaraziko dituzte, Bilboko Azkuna Zentroko Mediateka BBK aretoan. Bertaratzea doan da, baina aurretik izena eman behar dute interesatuek.

ET.Azkuna Zentroa-zinea

Irailean martxan jarritako egitasmoari jarraipena emanez, Azkuna Zentroko BBK Mediatekak antolatutako ‘Argiak, kamera… ekin!’ zinema-elkarrizketen hitzordu berri bat hartuko du gaur kultur zentroak. Hileroko topaketen baitan, Steven Spielberg zinemagile, gidoilari eta ekoizle estatubatuarra izango da protagonista gaur; E.T. The Extra-Terrestrial (1982) klasikoa izango da ardatza.

Ezaguna da oso filmak dakarren istorioa: Beste planeta bateko izaki txiki bat abandonatuta geratu da Lurrean, ontzia beren planetara itzultzean, berau ahaztuta geratu denean. Erabat bakarrik dago eta beldurra du, baina haur baten lagun egingo da, eta honek etxean gorde du. Estralurtarra zientzialariek eta poliziak aurkitu baino lehen bere planetara itzultzeko modua aurkitu nahi dute mutikoak eta haren anaiek.

Eraikineko TK101 eta TK 201 aretoetan gauzatuko da topaketan, 18:30etik 19:30era bitartean, eta sortzailearen biografia eta bere sormen-prozesuak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek, filmen gaien eta egungo testuinguru sozialaren arteko paralelismoak bilatuz. Gainera, zentroko materialak erabiliko dituzte, eta bibliografia espezifikoa ere erraztuko dute, hala nola, filmek oinarri dituzten eleberriak eta/edo komikiak eta Mediatekaren ikus-entzunezkoen funtsean dauden soinu-bandetako batzuk. Sarrera doan da, baina webgunean izena eman behar da aldez aurretik.