Euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko iraupen laburreko euskarazko fikzio-serieen produkzioa babestuko du EITB- Euskal Irrati Telebista Taldeak, abiatu berri duen ‘Formatu txikiak, talentu berriak’ deialdiaren bidez. Martxoaren 14an finkatu dute epemuga.
Talentu berriei fikzio seriatua egiteko aukera ematea da Euskal Irrati Telebistak sustaturiko ‘Formatu txikiak, talentu berriak’ deialdi berriaren xedea. Alegia, iraupen laburreko euskarazko fikzio-serieen produkzioa babestu eta, bide batez, kudeatzen dituen, euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko eduki berriak sortzea.
Bada, egoitza soziala EAEn eta gutxienez bi urteko antzinatasuna duten produkzio-etxeei zuzendutako ekimena da honakoa, hauek landutako euskarazko proiektuak ekoiztera bideratutakoa. Hain zuzen ere, EITBk bi proiektu mota bilatzen ditu: MAKUSIrako fikzio seriatua (4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako fikziozko serieak, 10 minututik gorako iraupena duten 8 kapituluko gutxieneko kopurua), eta PRIMERANerako fikzio seriatua (fikziozko telesailak, narratiba berritzaileak dituztenak eta 16 eta 25 urte bitarteko publikoarekin konektatzeko eta ezustea emateko anbizioa dutenak. Gutxieneko kapitulu kopurua: 4 x 22’ edo 6 x 15’). Kasu batean zein bestean, EITBren ekarpena minutuko 1.600 €-koa izango litzateke, eta gehienez 150.000 €-koa.
Era berean, zehaztu dute honako alderdi hauek hartuko dituztela kontuan finantzazioa baloratzeko:
- Emakumeek parte hartzea sormen taldean.
- Kalitate tekniko eta artistikoa.
- Proiektuari egokitutako aurrekontua.
- Euskal baliabide teknikoak eta giza baliabideak erabiltzea (zerga-egoitza EAEn).
- Euskal Herriko kokapenak.
Proiektuak telematikoki aurkeztuko dira, martxoaren 14ko 12:00ak baino lehen, EITBren ekoiztetxeentzako atariaren bidez (“Zinemarako film luzeak, telebistarako banakako dokumentalak eta telesailak” atalean).
Ikusi deialdiaren inguruko xehetasunak, HEMEN.
Leave A Comment