Martxoaren 27tik apirilaren 6ra ospatuko duten zinemaldiko Un impulso colevtivo sailean egongo dira ikusgai parte hartze euskal herritara duten proiektu gehienak.

DA2025-zinea

Unean uneko zinema independente onenaren erakusleihoa den Bartzelonako D’A Film Festival jaialdiak 2025eko edizioko egitaraua aurkeztu du. Nazioarteko zinema jaialdietan arrakastatsu izan diren proiektuak eta film onenak biltzen ditu, denboraldi berriko aurkezpenekin batera. Besteak beste, David Cronenberg, Dea Kulumbegashvili, Luis Felipe, Johan Haugerud, Matías Piñeiroren azken lanak programatuko dituzte martxoaren 27tik apirilaren 6ra bitartean.

Horiekin batera, parte hartze euskal herritarra duten sei ekoizpen ere egongo dira ikusgai. Dagoeneko ezaguna zen Asier Urbietaren Faisaien Irla thriller mugalaria lehiaz kanpo erakutsiko dutela, saio bereziei eskainitako tartean, eta orain egitaraua osatuko duten gainerako lanak argitu dituzte.

Espainiar lurraldean sortutako film independente berritzaileenak biltzen dituen Un impulso colectivo sailean sartu dituzte horiek, zeinetan film dokumentalak, esperimentalak, iraupen laburrekoak eta underground-ak pantailaratu ohi dituzte. Malagako Zinema Jaialdian lehiatu berritan, Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan izango da atalean ikusgai egongo den euskal film luze bakarra. Abuztu betean, Aste Nagusia hasi berritan, lehen aldiz maiteminduko den Joneren istorioa ondu du Fantobak, lehen maiteminaren zirrara aitaren gaixotasunak eragindako nahasmenarekin bizitu beharko duen gaztearena.

Film laburrei dagokienez, Ane Ines Landetak eta Lorea Lyonsek zuzendu eta amatasunari buruzko hausnarketa dakarren Azkena aurkeztuko dute. KIMUAK katalogoan hautatu zuten iaz, eta (H)emen elkarteak sustatutako ‘Aukera’ ekimenaren baitan ondu zuten ere, Pomo d’oro (Nerea Sciarra) bezala. El tercer paisaje (Julen Etxebarria) zein Gure oilarra kanpoan da (Carlota Galilea) ere arituko dira Un impulso colectivo – Curts sailean ikusgai.