Hamarkada beteko du Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiak. Surfaren unibertso zinematografikoa sustatzeko asmoz sortutako egitasmoak martxoaren 13tik 16ra ospatuko du 2025eko edizio berezia.
Datorren ostegunean, martxoak 13, Muxikebarrik hartuko du Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival jaialdiaren hamargarren edizioaren inaugurazio-gala. Diziplina anitzeko ekitaldi hau nazioarteko erreferentzia da, surfeko zinemarako plataforma paregabea izateaz gain, argazkiak, erakusketak, artea, networkinga, tailerrak, kontzertuak, jarduera parte-hartzaileak, skatea, lehiaketak eta txapelketak barne hartzen baititu.
Mundu osoko zinemagileen edozein generotako film laburrak (gehienez 30 minutukoak) edota luzeak aurkez zitezkeen deialdira, beti ere, surfarekin lotutako gaiak eta edukiak jorratzen badituzte. Halaber, beste kirol batzuei buruzkoak ere onartu dituzte Action Sports sail paraleloan.
Bada, efemeride bereziko edizio honetan, jaialdiak kalitate handiko hautaketa anitza bilduko du. Guztira 62 film proiektatuko dira, horietako gehienak film luzeak, 25 herrialdetakoak. Halaber, euskal industriak presentzia esanguratsua bermatuko du, 8 film proiektatuko baitira bertan, tokiko zinemaren aberastasuna eta aniztasuna islatuz. Gainera, emakumeen parte-hartzeak ere joera gorakorrari eutsi dio, filmen ia %25 emakumeek zuzentzen baitituzte, eta rol protagonistetan %40 dira.
Sinergia industrialak eta ekonomikoak ere sortzeko xedez sustaturiko hitzordua izango da beste urte batez honakoa, surfa jendearengana hurbildu, kulturarako eta kirolerako sarbidea erraztu, emakumeen presentzia eta inklusioa sustatu, eta jasangarritasunari eta ingurumenari buruz kontzientziazioa indartzeko pentsatua.
Jarduera zehatzak
Hilaren 13ko inaugurazio-ekitaldia Muxikebarrin egingo dute, 19:00etatik aurrera. Ekitaldian surf, zinema eta kirol munduko gonbidatuak izango dira, filmen protagonistek eta laguntzaileek hartuko dute parte, eta zenbait sorpresa ere egongo dira. Izan ere, honako filmak izango dira ikusgai Hautaketa Ofizialaren lehen saioaren izango den honetan: Pauloskiren Kameraqua, Jon Aspururen Glory and Consequence, Nicolas Pinaren One Shot eta Igor Bellidoren Sensei. Esteka honetan eskura daitezke ekitaldirako sarrerak.
Aldez aurretik, gainera, ikastetxeentzako saio hezitzaileak izango dira Muxikebarrin, eta BiscayTIKen, ikus-entzunezkoen eta sormenaren industriaren laugarren jardunaldia egingo da, streaming bidez transmitituko dena. Honako gaiak landuko dituzte bertan: “Euskal industria sarea aztergai”, “Adimen artifiziala eta errealitate birtuala” edo “Zinema dokumentalaren eta aurrekontu txikiko zinemaren ekoizpena”.
Gainerako saioak, martxoaren 14, 15 eta 16koak, Itsasmuseumean egingo dituzte.
Ikusi egitaraua egunez-egun eta xehe, HEMEN.