Looney Tunes, lurrak eztanda egin zuen eguna (Peter Browngardt, 2024) filma ostiral honetan estreinatuko da Hego Euskal Herriko hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film estatubatuarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da gurean.
Porkyk eta Lucasek Lurra suntsitzeko konplot estralurtar maltzur bat deskubritzen dute. Nahi gabe, abentura zoro batean murgiltzen dira espazioan zehar, Looney Tunes-en umore kaotiko eta eszena dibertigarriz beteta. Bi lagunek ez dakite nola kudeatu egoera, baina, hala ere, gizateriaren azken itxaropena bihurtzen dira, inork eskatu ez badu ere.
Bada, filma hurrengo zinema-aretoetan proiektatuko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Bastero Kulturgunea (Andoain), Areria Zinema (Lazkao), Gurea Antzokia (Villabona), Ikusgarri Zinema (Lekeitio), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Golem La Morea (Iruña), Zugaza Zinema (Durango), Oñatiko Zinema (Oñati) eta Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga).
Zinema Euskaraz
Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen bigarren filma da honakoa.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.
Hala, datozen asteetan ere helduko dira proposamenak, esaterako, martxoaren 28an, Frida.