Arrazakeriaren Aurkako Zinema zikloaren VI. edizioa gauzatuko dute datozen asteetan. Gainera, Nadia Werba zinemagileak 60ko hamarkadan Espainian errodatutako lau film labur berreskuratuko dituzte, besteak beste.
Munduko herrialde guztietan bakea eta segurtasuna sustatzea helburu duen Desarmearen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira, Nafarroako Filmotekak zinemaren historiako klasiko bat programatuz abiatuko du martxoko egitaraua. Carlos Bassasek aurkeztuta, Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (Stanley Kubrick, 1964) pantailaratuko dute, gaur. Bihar, aldiz, lurraldean bertan ondutako hiru lan erakutsiko dituzte: Luna Negra (Miguel Goñi eta Mikel Belascoain, 2022), 29 de febrero (Diego Fandos, 2022) eta Las voces del silencio (Julio Mazarico, 2022).
Prestatutako zikloei dagokienez, ostiraletako hitzordua Ezinbesteko Zinemari eskainiko diote. Zinemaren historian arrasto gehien utzi dituzten filmak modu ordenatuan erreskatatzen ditu egitasmoak, ‘zazpigarren artea’ etiketaren merezimendua duten lanak erakusteko. Ondorengo lanak berreskuratuko dituzte: Mon oncle d’ Amérique (Alain Resnais, 1980) -Oskar Alegriak aurkeztuta-, La reine Margot (Patrice Chéreau, 1994) -Eduardo Carrerak aurkeztuta-, Les triplettes de Belleville (Sylvain Chomet, 2003) – Eduardo Carrerak aurkeztuta-, eta Dheepan (Jacques Audiard, 2015) -José Félix Collazosek aurkeztuta-.
Bestetik, Arrazakeriaren Aurkako Zinema zikloaren VI. edizioan Ijito Herriaren Urtea ospatuko dute, Espainiako Gobernuak 2025ean hala izendatua. Ijito-herria, haren aztarna soziala, artistikoa eta kultura ezagutzeko hiru saio antolatu dituzte: Carmen, sin miedo a la libertad (Irene Baqué, 2023) eta Romipen (Helena Bayona Carlos, 2019) -hilaren 12an-, Samba, un nombre borrado (Traoré eta mariano Agudo, 2017) -hilaren 19an-, eta Exopia (Aritz Gorostiaga, 2024) -hilaren 26an-. Saio bakoitzaren aurretik aurkezpen bana egongo da, eta ostean mahai-ingurua.
Martxoaren 20an, aldiz mendiko zinemari eskainitako saio bikoitza (17:15ean eta 19:30ean) hartuko du filmategiak: Larra-Belagoa. Un paraje insólito (Javier Garreta, 1980), Kontrasteak (Xabier Garreta, 1982) eta Lasaialdia (Javier Garreta, 1981).
Azkenik, hilaren 13an, Nafarroako Ateneoak prestatuta, Gente bien (Manuel Romero, 1939) klasikoa egongo da ikusgai, eta 27an, Punto de Vista Fokuan, Nadia Werba zinemagileak 60ko hamarkadan Espainian errodatutako lau film labur berreskuratuko dituzte: San Juan del Toro (1965), Maestros del duende (1966), Unos chicos, unas chicas (1966), Catch (1967).
Ezagutu martxoko egitarau osoa, hemen.