Hard Truths-kritika-zinea

Zuzendaria: Mike Leigh

Urtea: 2024

Herrialdea: Erresuma Batua

Ohetik jaikitzerakoan, Pansyk egongelako leihora joko du eta kanpora begira jarriko da. Egun berri bat hastera doa bere bizitzan, borroka egun berri bat. Munduaren kontra, familiaren kontra,  norbere buruaren kontra. Haserre, beti erasokor, ez dio inork adarrik jo diezaion utziko. Haren semeak, bestetik, ez du etorkizunik, goibela da, handinahirik gabekoa, isila; senarra, inkonpetente hutsa.

Mike Leigh eztanda egitear den emakume baten istorio frenetikoarekin lehiatu zen 72. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean, eta berandu baino lehen, iritsi da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Mariane Jean-Baptiste aktoreak interpretatuta, bere bizkaigainean altxatuko da filma erabat: familia-rol tradizionaletik ezin askatuta erakutsiko digu zinemagile britainiarrak izaera bortitz, urduri eta erasokorreko protagonista, liskarrez liskar, histrioniko (-egi, batzuetan).

Istorio unibertsala dakarkigu HARD TRUTHS-ek, Pansy asko baitaude gure artean, eta egon dira, existitu dira beti. Horiei ahotsa eman die Leighek, zinema sozialaren zantzuak ahaztu gabe, emakumearen maila psikologikoan sakonduz. Protagonista itotzen duen karga emozional eta kritikoari emango dio lehentasuna. Hala, bere onetik aterata lehenik, eta bere baitako minean giltzaperatuta gero, emakumearen bi aurpegi erakutsiko dizkigu, funtsean, min eta eritasun beraren adiera ezberdinak direnak.

Buruan darabilenak bueltak eta bueltak emango dizkio Pansyri, eta haren zurrunbiloan eta kaosean murgildutako gaitu Leighek, berriz ere egongelako leiho horren parera eramango duen arte. Oraingoan baina, ez du mugarik edo oztoporik aurkituko, berau ireki eta kanpoaldeko airea arnasteko adore izango du. Filmaren lehen pasarteko erreplika da, zerbait garrantzitsua aldatu denaren seinale, zama askatzear dela iragatzen duen sintoma.