una ballena-zinea

Ingrid García-Jonsson da Pablo Hernando gasteiztarrak zuzendutako thrillerreko protagonista, eta Ramón Barea eta Kepa Errasti euskal aktoreek parte hartuko dute ere. Trailerra ikusgai da dagoeneko.

Pablo Hernando zinemagile gasteiztarrak zuzendutako Una ballena filma martxoaren 28an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, baina dagoeneko, ikusgai da trailerra. Elastika Films eta La Aventurak banatuko dute thrillerra, genero beltza, sci-fi-a eta fantasia uztartzen dituen pelikula.

Ingrid García-Jonsson du filmak protagonista, soldatapeko hiltzaile beldurgarri baten paperean: etsaiaren inguruan sartu eta arrastorik utzi gabe ihes egiteko ahalmena du. Baina botere hori kanpoko mundu batetik datorkio, izaki izugarriak bizi diren bizitoki batetik, gutxinaka gizatasuna agortzen doakiona.

García-Jonssonekin batera, Ramón Barea eta Kepa Errasti euskal aktoreak arituko dira antzeztaldean. Hernandok berak idatzi du filmeko gidoia, eta muntaketa ere egingo du. Sara Gallego arduratu da argazki-zuzendaritzaz, eta Javier Bernal jantziteriaz. Soinuaren diseinatzailea Andrea Saenz da, eta Xanti Salvadorrek egingo du nahasketa. Izaskun González Rruccullak konposatu du soinu banda.

Leire Apellaniz, Nahikari Ipiña eta Cristiano Bortone dira Una ballenaren ekoizleak, eta proiektuak ICCAren babes ekonomikoa dauka. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Politika Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ministero dei Beni delle Attività Culturali e del Turismoaren (MIBACT – Italia) laguntza du, eta EITBren parte-hartzearekin ekoiztuko da.

Señor y Señora ekoiztetxe bilbotarraren, Sauaka Producciones bizkaitarraren eta Orisa Produzioni italiarraren babesa du proiektuak, eta ekoizpen zinematografikoetarako Europako zigilu berdea (Green Film ziurtagiria) jaso duen lehen Hego Euskal Herriko proiektua izan da.

Sitgesko Zinema Fantastikoaren Kataluniako Nazioarteko Jaialdiaren 57. edizioan argia ikusi ostean 35. Beldurrezko Asteari amaiera eman zion Una ballenak. Berriki 41. Zinemastea jaialdian lehiatu da.