Maider Fernandez Iriarteren lehen film luzea Donostiako Tabakalera zentroan egongo da ikusgai. Martxoaren 8an egingo dute saioa, 19:00etan.
Ikusmira Berriak programaren 10. urteurrena ospatzeko asmoz, Donostiako Tabakalerak atzera begirako berezia prestatu du, bertan landu dituzten 21 film proiektatzeko asmoz. Egonaldi programa Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen du kultur zentro donostiarrak.
Donostia Zinemaldia, Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Margénes, Torino edota Mar del Plata jaialdietan erakutsi dituzte Ikusmira Berriaken garatutako ekoizpenak, eta orain, Tabakaleran berreskuratuko dituzte. 2024ko urtarrilaren 25ean abiatu dute ekimena –El extraño (Pablo Álvarez, 2016) eta El gran movimiento (Kiro Russo, 2021)-, eta hilabetero ari dira filmak programatzen.
Egitasmoaren hirugarren edizioan parte hartu zuen Maider Fernandez Iriartek, 2017an, eta bertan garatu zuen Las letras de Jordi proiektua -Donostia Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zuen 2019an-. Bada, hilaren 8an ikusgai izango da Tabakaleran, 19:00etan hasita.
KRITIKA | Las letras de Jordi: Inkomunikazioa eta isiltasuna, komunikazioarekin estali
Dokumentalak 51 urteko Jordirekin sortu duen harremana aztertuko du. Jordi garun-paralisiarekin jaio zen, eta kartoizko taula baten bidez komunikatzen dira biak. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen 21 urterekin, baina orain ez du haren presentzia sentitzen, eta bere hausnarketak konpartituko ditu Fernandez Iriarterekin.
Gainera, liburu bat argitaratuko dute udaberrian, ekimenari buruzkoak jasoko dituena: “Funtsean, egonaldiaren 10 urteak kontatu eta bere historiaren parte diren 53 zinemagileak bilduko dituen memoria bat da”.