Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko helburuz sortutako José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa deitu du Donostia Zinemaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren babesarekin. Proiektuak aurkezteko epea, datorren ostiralean, martxoaren 7an, zabalduko dute eta apirilaren 22ra arte luzatuko da.
Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatutako programa honen helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea. Horretarako, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu akademiko argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema-jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.
Hala, beka-programaren azken xedea da hiru artikulu akademiko argitaragabe sortzea. Era berean, programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horiek. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun. Ikerketa horiek Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen-batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.
Deialdiaren ezaugarriak
Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edota bizi diren pertsonek zein Estatuko gainerako udalerrietan jaio eta/edo bizi direnek, baldin eta erresidentzia epe hori, gutxienez, bi urtetik gorakoa den. Gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta baita asmo-gutun bat eta curriculum vitaea atxiki ere. Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira eskaerak, eta bertan topa ditzakezue, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea martxoaren 7tik -datorren ostirala- apirilaren 22ra arte luzatuko da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean iragarriko dira, eta egonaldia uztailaren 7tik 18ra egingo dute.
Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.
Osatu beharko dituzten lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zortzi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.