Sean Bakerren filmak bost garaikur lortu ditu bart ospatu den sari-banaketa ekitaldian: film onena, zuzendari onena, emakumezko aktore onena, jatorrizko gidoi onena, muntaketa onena. Sorpresa handirik ez da izan gainerako aitortzetan.
Polemikarako tarterik ez da izan goizaldean ospatu den Oscar sarien 97. ekitaldian. Begirada guztiak Karla Sofía Gascón aktore espainiarrarengan egon dira, haren iraganeko komentario arrazista eta xenofoboek eragindako aferaren ostean baztertu izan baita, nahiz eta azkenerako Los Angeleseseko hitzordua bertaratu den. Ez da alfonbra gorritik pasa, eta haren adierazpenik ez dugu entzun Dolby Theaterren ezta, emakumezko aktore onenaren saririk ez baitu lortu. Mikey Madisonek jaso du aitortza, Anora lanean egindako lanagatik.
Sean Bakerrek zuzendutako obra izan da, hain zuzen ere, gaualdiko irabazle nagusia. Sei hautagaitza zituen, eta bost irabazi ditu. Zinema independentea, eta bazterreko narratibak Hollywoodeko erdigunean jarriz, aipatutako bi sariez gain, zuzendari onenaren, jatorrizko gidoi onenaren eta muntaketa onenaren estatuatxoak bereganatu ditu. Bakerrek bere obra aldarrikatu du agertokian, “artista independenteen odol, izerdi eta malkoez” eginda dagoela argi utziz.
13 hautagaitzarekin faborito nagusia Emilia Perez (Jacques Audiard) musikal frantziarra bazen ere, bi kategoriatan nagusitu da soilik -abesti onena eta taldeko emakumezko aktore onena (Zoe Saldaña)-; The Brutalist monumentala, aldiz, hirutan -gizonezko aktore onena (Adrien Brody), argazki-zuzendaritza onena eta soinu banda onena-. Bere aldetik, Kieran Culkin (A Real Pain) izendatu dute taldeko gizonezko aktore onena.
Egokitutako gidoi onenaren aitortza jaso du 72. Donostia zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zen Conclavek (Edward Berger), eta jantziteria zein ekoizpen zuzendaritzarenak Wicked (Jon M. Chu) musikalak. Dune: Part Twok (Denis Villeneuve) ere bi Oscar lortu ditu: soinu onena eta efektu berezi onenak. Makillaje eta ile-apainketaren atalean nagusitu da The Substance (Coralie Fargeat).
Gainerako sarietan ere, ez da sorpresa handirik izan. Akademikoek Palestina eta Israelen artean puri-purian dagoen gatazka ardatz duen No Other Land (Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham, Rachel Szor) lana saritu dute dokumental onenaren kategorian; Flow ekoizpen lituaniarra animaziozko film luze onenaren atalean; eta Ainda estou aqui (Walter Salles) brasildarra nazioarteko film onenarenean -herrialdeko zinemagintzak inoiz jaso duen lehena-. Film labur onena ebatzi dute I’m not a Robot (Victoria Warmerdam) zientzia fikziozkoa.
Ezagutu 97. Oscar sarien irabazleen zerrenda osatua, hemen.
Leave A Comment