Asier Urbietak zuzendutako ‘Faisaien Irla’ (2025) euskal ekoizpenak inauguratuko du 22. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, apirilaren 4an, Victoria Eugenia Antzokiak hartuko duen ekitaldian. Jaialdia hilaren 11ra bitartean ospatuko da.
Malagako Zinema Jaialdian parte hartu ondoren (sail ofizialean, lehiaz kanpo), eta estreinaldi komertzialaren -apirilak 25- aurretik, Asier Urbietaren lehenengo film luzeak emango dio hasiera datorren apirilaren 4an abiatuko den Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 22. edizioari.
Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, beraz, burujabetza partekatua dauka: urte erdia Espaniar estatuari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bada, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa: Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?
Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelarre (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak, eta horiekin batera, filmean kolaborazio berezia egingo dute Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.
Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta baita mandigoa ere.
Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin.
Errealitate ugariren ispilu
Urbietaren opera primaren parte-hartzearen iragarpenarekin batera, Sail Ofiziala osatuko duten filmen aurrerapena aurkeztu dute ere. Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai eta istorio bilduko ditu: AEBetako eskubide zibilen aldeko borroka, Harry Belafonteren figuraren bitartez; Souleymane migratzaile ginearraren bizitza frenetikoa, Parisko kaleak zeharkatzen janari banatzaile gisa bizimodua ateratzen duena, edo Mexiko Hirian espazio publikoak egunero garbitzen diharduten emakumeen istorioa.
Bestetik, Lagosen (Nigeria), Afrikako bigarren hiri jendetsuenean, beren etxeak ez galtzeko talde batek egindako borroka erakutsiko da, eta leiho bat irekiko zaio iraganari, 1968ko Pragako Udaberrian eta Ceauşescuren erregimenaren azken egunetan izandako gertaerak kontatzeko.
Era berean, 19:00 /2 0:00etako emanaldien ondoren egingo diren solasaldietan gaurko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkariek eta giza eskubideen arloan lanean diharduten pertsona, ekintzaile eta erakundeek parte hartuta; beren esperientziak publikoarekin partekatuko dituzte.
SAIL OFIZIALEKO FILM LUZEEN AURRERAPENA
- FLYING HANDS (Paula Iglesias eta Marta Gomez)
- FOLLOWING HARRY (Susanne Rostock)
- L’HISTOIRE DE SOULEYMANE ( Boris Lojkine, 2024).
- THE LEGEND OF THE VAGABOND QUEEN OF LAGOS (The Agbajowo Collective)
- THE NEW YEAR THAT NEVER CAME (Bogdan Mureşanu)
- TRATADO DE INVISIBILIDAD (Luciana Kaplan)
- WAVES (Jiří Mádl)
Zinema eta Memoria
Lehia nagusitik kanpo, Tabakaleran Zinema eta Memoria ziklo paraleloa egingo dute. Mostra osatzen duten hiru pelikulak ere ꟷErnest Cole: Lost and Found (2024), Henry Fonda for President (2024) eta Riefenstahl (2024)ꟷ irudien garrantzian oinarrituko dira gertaera historikoak azaleratzeko orduan.