Malagako Zinema Jaialdian parte hartu ondoren (sail ofizialean, lehiaz kanpo), Asier Urbietaren lehenengo film luzea datorren apirilaren 25ean iritsiko da zinema-aretotara. Jone Laspiur eta Sambou Diaby aktoreak dira protagonistak.
Altsasu (2020) telesaila eta Pim Pam Pum (2008) film laburra zuzendu dituen Asier Urbietak bere lehen film luzea Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan estreinatuko du apirilaren 25ean; dagoeneko trailerra ikusgai jarri dute. 48. Göteborg Film Festival jaialdian ikusi zuen Faisaien Irla thriller mugalariak argia, eta datorren martxoaren 14tik 23ra bitartean Malagako Zinema Jaialdiko sail ofizialean erakutsiko dute, lehiaketaz kanpo.
Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, beraz, burujabetza partekatua dauka: urte erdia Espaniar estatuari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bada, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatuko da istorioa: Laida (Jone Laspiur) eta Sambou (Sambou Diaby) irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituztenean ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk beranduago, hilotz bat agertzen da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?
Goya sariduna den Jone Laspiur –Akelarre (Pablo Agüero, 2020), Ane (David Perez Sañudo, 2020), Negu hurbilak (Negu Kolektiboa, 2024)- zein Sambou Diaby dira aktore nagusiak, eta horiekin batera, filmean kolaborazio berezia egingo dute Itziar Ituñok eta Josean Bengoetxeak.
Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2017) film aitortuaren gidoilaria den Andoni de Carlosekin batera idatzi du Urbietak istorioa, eta adierazi duenez, “karga emozional handiko thrillerra da Faisaien Irla, mugen zentzugabekeria eta gizakiongan duten eragina kontatzen duena”. Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta baita mandigoa ere.
Eremu naturaletan errodatu dute, besteak beste, uhartean bertan, Bidasoako erriberan, Baionako tren geltokian edota ibaia bera lotzen dituzten zubietan. Hala, pelikulak “gaur egun Bidasoaren ertzetan gertatzen ari den errealitatea erakusten du, non Frantziarako bidea hartzen duten dozenaka pertsona desagertu diren azken urtean”.
Arcadia Motion Pictures, Tentazioa Produkzioak eta Galatea Films ekoiztetxeen proiektua da Faisaien Irla, La Fidèle Production ekoiztetxe frantsesaren koprodukzioarekin. Era berean, ICAA eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa dauka, eta baita EiTB taldearen partaidetza ere. BTeam Pictures arduratuko da filma zinema aretotan banatzeaz.