Azken txanpan sartu da 2025eko Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdia. Gaur, ondoko filmak izan ditugu ikusgai sail ofizialean: A. (Ramón Balcells), A South-facing House in Gyeonggi Province (Jin-Yong Park) eta Una temporada en la frontera (Ile Dell’Unti).

Programa 7: ‘A.’ (Ramón Balcells), ‘A South-facing House in Gyeonggi Province’ (Jin-Yong Park)
Laugarren programako El viento que golpea mi ventana (Emilio Hupe) dokumental intimo eta pertsonalarekin harremanduz, Ramón Balcellsek bere amonaren memoria aldarrikatu digu A. lanean. Filmari izenburua ematen dion hizkia ez da ausaz aukeratutakoa, agurraz ari baitzaigu, absentziaz, hutsik gelditutako apartamendutik bertatik, abstrakzio handiz.
Zerbait/norbait falta da, edota paretek beregain gordetzen dute ez dagoenaren arima? Oihartzuna dira, ala aztarnak? Hizketaldi urrunak entzungo ditugu, etxeko gela, erdi-irekitako ate eta korridore ilunak zeharkatuko dituen kamerari segika. Halako batean, ispilu baten aurretik igaroko da, eta honen islak zinemagilea bera erakutsiko digu. Joandako amonaren arimaren presentziak bizi dirau beregan.
Ildo beretik doa A South-facing House in Gyeonggi Province (Jin-Yong Park). Gyeonggin gaude, Hego Korean. Etxe baten barruan, bertako familiarekin elkarbizizten: hiru gizon (aita, senarra eta semea) eta emakume bat (emaztea). Horietako bat, ordea, ez dugu ikusiko, kamera eskuan duela filmatzen ariko baita, errutinak, egunerokotasuneko ekintza eta keinu txikiak, baina baita ere horiek gordetzen dituzten era guztietako soinuen erreplikak.
Mamuak diruditen familia-kideen istorioa da A South-facing House in Gyeonggi Province. Bizi duten espazioek (eta soinu-paisaiak) kontatutakoa, askotan, pertsonak baino fidelagoak baitira gugan egindako erretratuetan.

Programa 8: ‘Una temporada en la frontera’ (Ile Dell’Unti)
Sail ofizialeko zortzigarren programako atentzioa, aldiz, erabat bereganatu du Una temporada en la frontera lanak. Bi ahizpa argentinarren arteko gutun bidezko korrespondentzia du ardatz Ile Dell’Untiren obrak, horien memoria goratuko duena. Diktadura militarrak elkarrengandik aldendu ostean, Argentina iparraldera ihesi egin zuen Juliak; Suediara erbesteratu zen Claudia, Lund hirira (aurretik, bahitua eta torturatua izan zen).
1977tik 1994ra bitartean idatzi eta elkarri bidalitako idazkiak entzungo ditugu dokumentalean, bi emakumeen intimitatea ezagutzeraino. Zatikatutako kontaketa da, ezinbestean, Una temporada en la frontera. Distantziak eta denborak halabeharrez urrundutako elkarrekintza dute, eta Dell’Untik zinema hizkuntzara ekarri du haustura hori. Testuak irakurketa bidez hautemango ditugu, eta irudiak guztiz aldenduko dira.
Arkitektura ikasleak dira bi ahizpak, eta diziplinak berak egin bezala, espazioak munduan proiektatzeko sena sumatuko zaie urteek aurrera egin ahala. Bada, gizarte kezkez zein Historiaren eraikuntzaz hitz egingo dute. Zuloz betetakoa, halabeharrez. Hala, indarkeriak, diktadurek, totalitarismoak zulatutako bizitzen eta gizartearen erradiografia ondu dute.