Lau saiok osatuko dute egitaraua, tartean, Gena Rowlands aktoreari eskainitako atzera begirakoaren jarraipenak. Americana Film Festekin elkarlanean antolatutako proiekzioa ere hartuko du Trueba zinema aretoak. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu.

kresala-martxoa-zinea

Kresala Zineklubak aurkeztu du datozen asteetarako prestatu duten egitaraua: Japonian hasi eta AEBetan bukatuko dute martxoa. Hilaren 4an ekingo diote munduan barrena egingo duten bidaiari, ordurako dokumental onenaren Oscar saria bereganatua izan dezakeen Black Box Diaries (2024) lanarekin. Shiori Ito kazetari japoniarrak bere sexu-erasoaren ikerketaz hitz egingo du bertan, erasotzailea auzipetzeko saiakera gertagaitz batean. Bere bilaketa kasu enblematiko bihurtu da Japonian, herrialdeko sistema judizial eta sozial zaharkituak agerian utziz. Sandra Rozas (El Contraplano) gonbidatuko dute saioa aurkeztera.

Martxoaren 11n, bestalde, jarraipena izango du azken hilabeteotan Gena Rowlandsi eskainitako atzera begirakoak. Beste behin, John Cassavetesek zuzendutako lan bat proiektatuko dute: Gloria (1980), non Gloria Swensonen istorioa dakarkigun. Gangster baten neska-lagun ohia da, eta bere bizilagunen semearen ardura hartu beharko du, hauek erailak izan ostean. Gloria eta mutikoa, bere esku informazio baliotsua duena, mafiosoen helburu nagusi bihurtzen dira eta New Yorkeko kaleetan zehar ihes egin behar izango dute.

Hirugarren saioan berriki zinema artoetara iritsi den Limonov: The Ballad (Kirill Serebrennikov, 2024) egongo da ikusgai, hilaren 18an: Eduard Limonov poeta erradikal sobietarraren istorio eskandalagarria: New Yorken arlote izendatua, sentsazio hutsa Frantzian eta antiheroi politikoa Errusian. Emmanuel Carrèreren best-sellerean oinarrituta dago.

Azkenik, Americana Film Festekin elkarlanean, Janet Planet (Annie Baker, 2023) eskainiko dute, martxoaren 25ean: 1991ko udan, Massachusettseko mendebaldean, hiru pertsona 11 urteko Lacy eta bere ama Janeten bizitzetan sartuko dira.

Donostiako Gros auzoko Trueba zinema-aretoan egingo dituzte emanaldiak, asteartetan, 19:30etik aurrera. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu honako estekan.