Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan eta Ana Lambarri enkarterriarraren Todo lo que no sé filmak Malagako Jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatuko dira, datorren martxoaren 14tik 23ra ospatuko den 28. edizioan. Atal berdineko lehiatik kanpo, halaber, Faisaien irla (Asier Urbieta), Los aitas (Borja Cobeaga) eta 8 (Julio Medem) emango dituzte ere.

Sara Fantoba bilbotarraren ‘Jone, batzuetan’ filmeko irudia.

Espainiar Estatuko zinemagintzaren hitzordu garrantzitsuenetako batek martxoaren 14tik 23ra bitartean zabalduko dio alfonbra gorria 28. edizioari. 260 ikus-entzunezko hartuko dituen programazio mardula aurkeztu dute, eta baita publiko guztientzako eduki eta jarduera paralelo ugari ere.  Era berean, Malagako Jaialdia espainiar ikus-entzunezkoen topagune bihurtuko da berriz ere, MAFIZ Industria arlo sendoari esker.

Bada, euskal zinemagintzaren ordezkaritza ere nabarmena izango da Costa del Sol delakoaren hiriburuan. Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan eta Ana Lambarri enkarterriarraren Todo lo que no sé filmak Sail Ofizialean lehiatuko dira, besteak beste, Daniel Guzman, Belen Funes, Celia Rico eta Gracia Querejeta bezalako zinemagile ospetsuen azken filmekin.

Abuztu betean, Aste Nagusia hasi berritan, lehen aldiz maiteminduko den Joneren istorioa ondu du Fantobak, lehen maiteminaren zirrara aitaren gaixotasunak eragindako nahasmenarekin bizitu beharko duen gaztearena. Aldiz, Laura da Ana Lambarri zinemagilearen laneko protagonista. Bizimodu aspergarria du, eta egunerokotasun hori goitik behera irauliko da iraganeko proiektu bat berreskuratzen duenean. Susana Abaituak gorpuzten duen pertsonaiak lehen lerroan jarriko du bere burua, eta ordaina jaso beharko du horregatik.

Sail Ofizialean ikusi ahalko dira, halaber, lehiatik kanpo hori bai, Asier Urbietaren opera prima – Faisaien irla-, Borja Cobeagaren Los aitas film berria eta Julio Medemen 8 lana.

Beste sail batzuetan, ere bai

Dokumentalen arloan, Ander Duque bilbotarrak Burnout aurkeztuko du, artearen arloko prekarietateaz Felipe Almendrosekin batera idatziriko lana, eta Tamara Garciak Locas del ático dokumental laburra.

Film laburrei dagokienez, Eneko Muruzabalek Planetagatik erakutsiko du; animazioan, Begoña Arosteguik El cambio de rueda Goya sarietan hautagai izandako filma, Sonia Estevezek Plazer bat, eta Elixabet Nuñezek A-Maniki bere lehen filma.

Halaber, Afirmando los Derechos de las Mujeres atalean, Ane Ines Landetak eta Lorea Lyonsek Azkena film laburra aurkeztuko dute, amatasunari buruzko hausnarketa bat, eta Ander Iriartek eta Amaia Merinok Indarkeriaren oi(h)artzunak Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian film luze onenaren saria irabazi zuen lana.

Era berean, Cine Cocina atalean, Mugaritz. Sin pan ni postre Andoni Luis Adurizen jatetxeari buruzko dokumentala aurkeztuko du Paco Plaza zinemagileak lehiatik kanpo.