Zuzendaritza-postuetan ere dagokion euskara-betekizuna ezartzea eskatu diote EiTBri. Dozenaka lagun bildu dira Bilboko egoitza aurrean.

EiTB euskalduna-Bilbo-zinea

Argazkia: Bilboko Uriola

EITBko ELALAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu gidoia euskararen alde! ekimenak deituta, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan euskararen ezagutzaren eskakizunak betetzen ari ez direla salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilbon. Hain zuzen ere, EITBren egoitza nagusiaren aurrean bildu ziren dozenaka lagun, 16:00etan.

‘EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita’ lemapean,  deitzaileek manifestua sinatu dute komunikazio-talde publikoko zuzendaritzari “euskararen eskakizuna kolokan utzi den postu guztietako prozesuak” zuzen ditzala eskatuz, hau da, “EITBko lanpostu guztietan bezala, zuzendaritza-postuetan ere dagokion euskara-betekizuna” ezarri eta bete dezatela.

Jarraian duzue manifestuak dakarrena:

EITBko Zuzendaritzak euskarazko C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan. Haatik, 2024an orain arteko bidean atzera egin eta hiru ardura postu esleitu zaizkie euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala. Areago, atera berri diren deialdietan jada ez da C1 maila eskatzen. Baldintza bakarra da «gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea», zehaztapen gehiago egin barik. Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona. Horiek atera dira azalera azkenaldian baina lehendik ere gabezia larriak daude hainbat arduradun eta zuzendariren euskara mailan. Gaztelaniaz onartuko al genuke Zuzendari Nagusiak agerraldi publikoetan euskaraz erakutsi duen maila?

Bestalde, horrek guztiak zapuztu egiten du guztiz 2013tik EITBn indarrean dagoen, eta zuzendaritza parte duen, euskara plana. Eta halaber planaren helburuei ere erasotzen die, alegia, euskararen erabilera sustatzea eta gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean.

Egoera honi salagarria eta larria deritzogu. Komunikabide publikoa den aldetik EITBk sorreratik dauka gizartearen aurrean euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna. Helburu hori zenbateraino betetzen ari den hausnartu beharko dugu euskalgintzak, gizarte eragileok eta EITBren gainean ardura duten erakundeek. Eta tresna eraginkorra izateko neurriak hartu beharko dira. Bitartean, gutxieneko aldarrikapena da zuzendari eta arduradun guztiek euskara menperatzea. Izan ere, erabaki hauekin, EITBk euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean.

Horiek guztiak gogoan, gehitu nahi genuke ezin dela profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, aipatutakoez gain, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia eta ulergaitza baita.

Deitzaileez gain, 26 eragileek babestu dute deialdia:

EITBko Erredakzio Kontseilua, Eitb.eus-eko Erredakzio Kontseilua, EITBko Euskara Batzordea, EITBko Langile Batzordeak, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Steilas Sindikatua, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Pantailak Euskaraz, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Ahotsenea, Hau Pittu Hau, Administrazioan Euskaraz Taldea, Naziogintza taldea, Arnas Dezagun, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko mugimendua, Jardun euskara taldea, Zaparraie euskara taldea, Irunabar  Irungo bertsoaren bilgunea, Gizabanakoen eta gizarte eskubideen babeserako elkartea, Borrokan aldizkari anarkista eta Donostiako Legazpi 6 euskaltegia.