Donostiako Ekialdeko Barrutiko Memoria eta Historia lantaldeak antolatuta, Altza 1931-1937: Ilusio galduen kronika dokumentalaren jendaurreko aurkezpena egin dute asteburuan. Euskarazko pieza laburra da, Altza Historia Mintegia elkarteak, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen sailarekin elkarlanean ondurikoa.
Aurkezpen ekitaldia iragan larunbatean ospatu dute, Nao Etxean, Altzako jubilatu eta pentsionisten elkartearen egoitzan. Eneko Goia alkateak parte-hartu zuen ekitaldian, eta harekin batera izan ziren Carlos Garcia Ekialdeko Barrutiko presidente eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzia, Maria Jesus Idoeta Auzoetako Zinegotzi Ordezkaria eta Iñigo Garcia Giza Eskubideen zinegotzi ordezkariak. Izan ere, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen sailaren lankidetza izan du Altza Historia Mintegia elkarteak ikus-entzunezko pieza lantzerako orduan. Era berean, beste udal talde politikoetako ordezkariek, Altza Historia Mintegiko kideek eta Altzako azken udalbatza hautetsia herri gisa osatu zuten zinegotzien senideek hartuko zuten parte.
Ekialdeko Barrutiko Batzarraren ekimenez sorturiko dokumentala da honakoa, Bigarren Errepublika ekarri zuten udal hauteskundeetatik aurrera eratutako udalbatzari eskaini zitzaion aitortzaren egitarauaren barruan, eta bertan 1931n Altzako udal hautetsien Udalbatza osatzen zuten pertsonen ibilbidea eta garai horretan Altzak izan zuen garapena berreskuratu dituzte.
Pieza laburra da, euskaraz egina, gaztelaniazko azpidatziekin.