Zuzendaria: Miñuca Villaverde
Urtea: 1980
Herrialdea: AEB
Saila: Irekiera filma | Lan Saila
Zinema dokumentalaren iruditeria eta lan prozesuak aztertzeko elkargunea izateko asmo jaiotako LAN ataleko programazioaren baitan, Punto de Vistak den LA CIUDAD DE LAS CARPAS / TENT CITY (Miñuca Villaverde, 1980) obra berreskuratu du. Kataluniako Filmategiak zaharberritu ondoren, 2025eko edizioari hasiera emateko aukeratu dute.
1980ko apiriletik urrira bitartean, 125.000 kubatar itsasoratu ziren Marielgo portutik, Fidel Castoren gobernutik ihesi, eta Miamiko (Florida) Interstate 195 autopista azpian aurkitu zuten lehen instantzian aterpe. Bulkada gizatiar batek, egonezin bizi batek eraginda, Villaverdek bere Bolex kamera hartu eta soinu grabagailua zeraman Fernando senarrarekin jo zuen bertara, modu inprobisatu eta prekarioan eraiki zituzten errefuxiatu kanpalekuak filmatzera. Zinemagileak horien zergatia ulertu nahi izan zuen, hala, hainbat egun eman zituen batzuen zein besteen hitzak jasotzen, exodo historiko hura erregistratzen.
“Mundu txiki bat” erretratatu zuen Villaverdek bertan, gizonak, emakumeak, homosexualak, heterosexualak, trabestiak… biltzen dituena. Bada, denak ere, telazko gortinez eraikitako babeslekuetan pilatutakoak. Bertako errefuxiatuei zuzenean galdetuz, horien istorioak jaso eta atzean utzitako herrialdearen historia berreraiki zuen, iraultza utopiko batena, itxaronaldi kronikoarena, amets frustratu eta esperantza galduarena.
Baziren 15 bat urte Villaverdek eta haren senarrak jaioterria utzi zutela, eta migrazio masibo hark balio ziezaiekeen galdutako Kuba hura berrezagutzeko. New Yorketik Miamira bidaia egin, eta karpaz karpa egituratutako hiri antzeko bat aurkitu zuten, metalezko hesi ireki batek inguratutakoa. Askatasun osoz utz zezaketen eremua, ez zeuden preso edo isolatuta, baina bazen bizi zuten utzikeriaren sintoma: beren jaioterritik deserriratuak -Kubako gobernuarentzat terroristak/estaiak/lapurrak-, harrera herrialdeak (eta bertan zituzten senideek) baztertutakoak.
Zinemagileak hesiaren kanpoaldetik barrura egindako bidaia zinematografikoa ondu zuen, pertsonengana hurbiltzeko apustu humanista eta konplizea egin asmoz. Are, karpetan ere sartuko da, eta ahotsa emango die. Aitortzak, ordea, ez ditugu sinkronizatuta entzungo, 16 mm-ko kamera arinak ez baitzuen soinua erregistratzen, eta grabagailuarekin bateragarritasun arazoak izan zituzten. Hartutako erabakia off ahots narratzailearen bidez kontakizuna egituratzea izan zen, eta zuri-beltzezko argazki finkoen gainean kubatarren esanak txertatzea. Bada, medio gutxirekin egindako zinema militanteren eredugarri da La ciudad de las carpas / Tent City, herrialdeko zinemagintzan mugarri den, baina zoritxarrez ahanzturan gelditu den testigantza zinematografiko eta soziala.