Ernesto Martinez Buciok Elias Querejeta Zine Eskolan garatutako El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la mismo caja) filmak, Opera Prima onenaren saria eskuratu du Berlinalen. Lana Perspectives atal estreinatu berrian lehiatu da, mundu osoko beste 13 ekoizpenekin batera.

Ernesto Martinez Bucio, Berlinalen.

Elias Querejeta Zine Eskolan garatutako bi filmek otsailaren 23ra bitartean ospatu den Berlinale – Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian izan dute mundu mailako estreinaldia. Hain zuzen, Sorkuntza Masterreko Ernesto Martinez Buciok eta Paula Tomás Marquesek aurkeztu dituzte bere lanak egunotan.

Mundu osoko 14 opera primekin batera lehiatu dira El Diablo Fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la mismo caja) eta Duas vezes de João Liberada obrak, Perspectives sailean. Bada, Ernesto Martínez Buciok zuzenduriko lehenak eskuratu du Opera Prima Onenaren saria (50.000€). GWFFk (Gesellschaft zur Wahrnehmung von Film- und Fernsehrechten) finantzatutako saria da honakoa, zinema- eta telebista-eskubideak babesten dituen elkarteak, eta sariaren zenbatekoa film irabazlearen ekoizleen eta zuzendarien artean banatuko da.

Mexikar zinemagilea pozik agertu da errekonozimenduarekin. Gogora dezagun, halaber, Odei Zabaleta gipuzkoarra aritu dela filmerako argazki-zuzendari lanetan, eta Michel Gaztambide gidoilaria izan dela filmaren tutorea.