Iluntzean egingo dute 2025eko Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren irekiera ekitaldia, baina dagoeneko ikusi ditugu sail ofizialeko lehen proposamenak: Bamssi (Mourad Ben Amour), Materialsammlung (David Gómez), Writing Poems at the End of the World (Wonwoo Kim) eta La prunelle rouge (Pierre Louapre).

Punto de vista 1programa-zinea

Programa 1: ‘Bamssi’ (Mourad Ben Amour) eta ‘Materialsammlung’ (David Gómez)

Animaliak erdigunean jarriz abiatu da 19. Punto de Vista jaialdiko sail ofiziala. Mourad Ben Amour tunisiarrak bere film laburrari izenburua ematen dion Bamssi txakurra, eta lagunkide dituen katu, oilo eta ardiak, erretratatu ditu mimo handiz. Korrika, batetik bestera, euri zaparradatik babestu nahian, bideokamera eskuetan duen sortzaile gaztearekin jolasean…

Eta han urrunean, trena igarotzen, eguzkia gogor jotzen, ekaitz bortitz bat, eta telebistan, Gazako inbasioa. Erasoaldia berri bat, egun bat gehiago bizitzan. Egunerokotasunaren lekukotza eta denboraren aztarnak harrapatu ditu Ben Amourrek Bamssin, lehengusina duen Fairuz Ghammam zinemagile belgikarrak bultzatuta. Bizirauteak dakarren ameskeria, ekintza politikoa, irudikatu ditu gazteak zintzoki.

Erregistratzeko bulkada baten ondorio da Materialsammlung lana ere. Kasu honetan baina, atzera begira, Konrad Theodor Preuss ikertzaile eta etnologo alemaniarraren bilduma erregistratzera jo du David Gómez kolonbiarrak. XX. mendeko lehen urteetan herrialde latinoamerikarreko objektuak eta piezak bildu zituen, eta egun, mendea pasata, esanahiz eta balioz aldatu dira.

Dokumental zientifikoaren itxura hartuz, material zaharraren geruzak, maskarak, biluzten joango da zinemagilearen kamera, iraganaren eta orainaren arteko loturak birdefinituz; artxiboen, dokumentuen eta Preuss etnologoaren bildumako piezek osatutako palinpsesto kasik arkeologikoa eraikiz.

Punto de vista 2 programa-zinea

Programa 2: ‘Writing Poems at the End of the World’ (Wonwoo Kim) eta ‘La prunelle rouge’ (Pierre Louapre)

Bamssik proposatzen duen egunerokotasunaren hartualdi naturalistaren kontrapuntua litzateke Writing Poems at the End of the World, sail ofizialeko bigarren programan ikusgai egon den lehen lana. Wonwoo Kim zinemagile hegokorearraren obrak munduko estreinaldia izan du Iruñean, eta poema bisualen segida baten itxura dauka.

Jean-Luc Godarden saiakera filmikoen arrastoa sotilki nabari da bertan, irudiek eta soinuek dakarten armonia kaotikoa ikus-entzuleon pertzepzioetan eragiteko landuak daudelarik. Artxiboko irudiak, propio filmatutakoak, katastrofeen bideoak, identifikagarriak ez zaizkigun soinuekin uztartuko ditu, gainjarritako testu eta ahotsak lagunduta. Obra librea da Writing Poems at the End of the World, sortzailearen mundu ikuskera zaurgarriaren isla.

Inpultso erradikatzaile baten emaitza da, aldiz, La prunelle rouge. Sistema eta establezimendu instituzional eta burgesari kontra egitearen borondatez eta kontzientziaz ondutakoa. Pierre Louapre zinemagile frantziarrak gutxiengo elementuak erabiliz baino, pobrezia estetikoaren filosofiari jarraituz eraiki du abandonatutako espazio ahaztuei buruzko hausnarketa.

Praktika godardianoak ere antzeman daitezke honakoan, haren garai apurtzaile eta ideologikoenean -Dziga Vertov taldeko kide zenekoa- egindako lanena. Filmatu nahi dituen eraikin eta istorioak horiei ateratako argazki-kateen bidez hurbilduko dizkigu. Gordinean, sotisfikazio estetikorik gabe, konbentzio narratibo klasikoak erabat txikituz, benetan inporta duena teknika baino begirada dela aldarrikatuz.