60 film inguru pantailaratuko dituzte zinemaldiaren 2025eko edizioan. 6 ataletan banatu dituzte proiekzioak: Sail Ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa.
Astelehenean bertan ekingo diote, Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren 19. edizioari, eta martxoaren 1era bitartean ospatuko da. Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatuta, ez-fikziozko zinema festibalen artean erreferente da. Lau urtez, Manuel Asín izan da zuzendari artistikoa, eta aurtengoa azkena izango du gidaritzapean. Izan ere, txandakatze-arauri segika, aldaketa egongo da 2026ko ekitaldian.
Istorio txikien elkargune bilakatuko da datozen egunotan Iruñea, eta 60 film inguru pantailaratuko dituzte, programatutako 70 saioetan. 6 ataletan -Sail Ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa- banatu dituzte filmak, eta horiek guztiak ikusteko zeharkako bost ibilbide proposatu ditu antolakuntzak.
- Genero(ak): espezie banatua, desorekatua. Feminismoa(k), generoa(k), gorputzak.
- Gaixorik dagoen planeta: ingurumen larrialdia, klima aldaketa, antropozenoa, erregimen planetarioak, ekologikoak, gizatiarrak.
- Zatoz Punto de Vista jaialdira: jaialdia oraindik ezagutzen ez dutenentzako proposamenak.
- Lehen pertsona: erretratua, autorretratua, egunkaria, memoria, saiakera, indibidualismoa.
- Adimen artifiziala: paradigma teknologiko berria, adimen artifizial sortzailea.
Saio guztietara bertaratzeko sarrerak eskuragarri daude Punto de Vistako webgunean eta Baluarteko leihatilan.