Herri Irratia izan zenari buruzko dokumentala errodatzen ari da Eneko Olasagasti zinemagile donostiarra. Filmak ESREC eta Maluta* Films ekoiztetxearen babesa du eta, ondo bidean, 2026ko hasieran ikusiko du argia.

Eneko Olasagasti zuzendaria, eta Xabier Otaegi, Maddalen Iriarte eta Iñaki Elorza ‘Txapas’ dokumentalaren errodajean.
Loiola (1960) eta Donostia (1961) Herri Irratiak aitzindariak izan ziren bere garaian. Saioi eta gizarte baten ispilu izateko xedez, bide urratzaile izan ziren zentsurari ihes egiteko moduan, informazioaren monopolioa RNErena zenean. Era berean, ezinbesteko lana egin zuten euskal kultura eta euskara bultzatzeko orduan. Bada, protagonista ugariren eskutik, eta baita bere ikuspegi propiotik ere, gerturatuko da Eneko Olasagasti zinemagilea Euskadi Irratia sortu arteko urte horietako lan, grina eta borroketara.
ESREC eta Maluta* Films ekoiztetxeen babesarekin, errodajearen lehen fasean ari dira orain, orain hamar urte inguru ekoiztetxeek beraiek egindako dozena bat elkarrizketen jarraipena den elkarrizketa sortak grabatzen. Izan ere, Herri Irratiko esatari edo nolabaiteko kolaboratzaileak izandako aurpegi ezagun horiek izango dira filmeko protagonistak (besteak beste, Paco Sagarzazu, Txaro Arteaga, Maria Jesus Garijo, Forki, Joxemari Iriondo, Joxemari Otermin, Xabier Otaegi, Maddalen Iriarte, Tito Irazusta, Iñaki Elorza ‘Txapas’…). Horien hitzak jasotzearekin batera, errekreazio eta artxibo irudien bidez, irratsaio eta une esanguratsuak berreskuratuko dira ere dokumentalean.
Irrati bat, Herri bat izena hartuko du lanak, behin-behinean, eta urte amaierarako prest egotea aurreikusi du lan-taldeak. Ondo bidean, urte berriarekin batera estreinatuko dute.