Tsai Ming-liang zinemagile taiwandarraren filma emango dute gaur, Donostiako Tabakalera zentroan.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek programatutako Gazteak zinean zikloak 2025eko bigarren saioa hartuko du gaur, Donostiako Tabakaleran. 19:00etan hasiko da saioa, eta Tsai Ming-liang zinemagile taiwandarraren What Time Is It Over There? (2001) filma pantailaratuko dute.
Ondokoa kontatuko du pelikulak: Erloju saltzaile bat Taipeiko kaleetan barrena dabil noraezean. Aita hil berria du, ama gaixorik dago eta berak bizitza aspergarri eta tristea bizi du. Egun batean, ustekabean, Parisera doan neska batekin topo egingo du, erloju bat erosi nahi dio.
Urtarrilaren 30ean Mathieu Kassovitzen La Haine lanarekin ekin zioten 2025eko Gazteak zinean egitasmoari, eta gaurko saioaren ostean, martxoan izango du jarraipena. Zehazki, hilaren 13an, La Jetée (Chris Marker, 1962) eta L’année dernière à Marienbad (Alain Resnais, 1961) film frantziarrak egongo dira ikusgai.