James Whalesek zuzendutako Frankenstein (1931) eta The Bride of Frankenstein (1935) filmak Euskadiko Filmategiaren egoitzetan pantailaratuko dituzte datozen egunotan.
Urtarrilean abiatu zuten Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak martxan jarritako Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioa, eta ordutik dozena erdi bat film pantailaratu dituzte. Martxora bitartean luzatuko da ekimena, ohi bezala, filmategiak Donostian bertan (Tabakalera), Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (Bizkaia aretoa), Iruñean (Golem Zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema) dituen egoitzetan.
Bada, saio bikoitz berezia antolatu dute datozen egunotarako, hain zuzen ere, edizio honetako kartel nagusian ager den Frankenstein protagonista duena. James Whalesek beldurrezko pertsonaiari eskainitako bi filmak pantailaratuko dituzte elkarren segidan: Frankenstein (1931) eta The Bride of Frankenstein (1935).
Gasteizen (gaur) eta Donostian (bihar) Fernando Cossío UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoko I Saileko katedradunak aurkeztuko du saioa. 2009az geroztik, Ikerbasque-ko zuzendari zientifikoa da. Aipamen ugari jaso ditu, besteak beste Euskadi Ikerketa Saria (2000), Espainiako Kimikako Errege Elkartearen domina (2020), Chemistry Europe Fellows Class of 2020/21 erakundeko kide izatea eta 2023az geroztik Espainiako Zientzien Errege Akademiako kide da.
Bestetik, Bilbon (otsailaren 22an) eta Iruñean (otsailaren 25ean), Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak hartuko du hitza. Albaitaritzan eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua da. Elhuyar Fundazioan egin du bere ibilbide profesionala, eta Elhuyar aldizkariaren eta Uhin Ultramoreak podcastaren zuzendaria da, besteak beste. Ohiko kolaboratzailea da euskal hedabideetan, eta zientzia gizarteratzeko bestelako ekimenetan ere parte hartzen du, euskaraz eta ikuspegi feministarekin. Azken proiektua Petti musikariarekin batera argitaratu du: Frankenstein agurgarria emanaldi eszenikoa eta disko-liburua (Elkar, 2024)
Lau saioak 19:00etan abiatuko dituzte, et sarrerak Euskadiko Filmategiaren webgunean eskuratu daitezke.