Vermiglio-kritika-zinea

Zuzendaria: Maura Delpero

Urtea: 2024

Herrialdea: Italia

Zuzendu duen laugarren film luzearekin izan dugu Maura Delpero zinemagile italiarraren berri. Dokumentalak egin ditu orain arte, eta bere aurreneko fikziozko lanak 2024ko Veneziako Mostran izan zuen onarpenari esker -Epaimahaiaren Sari Nagusia- nazioartean berau estreinatzea lortu du. 1944an girotua, Alpeetako herrixka urrun bateko familia baten istorioa kontatu du VERMIGLIOn, fokua pertsonaien intimitatean jarriz. Garaiko gizartearen kezkak, krisi humanitarioan murgilduta dagoen munduaren gainbehera, gerraren oihartzuna eta erlijioaren eragin itsua jorratu ditu eszenaratze sotil baten alde eginez.

Desertore isil baten agerpenak familia protagonistaren (baina baita herrikideen) egunerokotasuna guztiz aldatuko du; traidorea izango da batzuentzat, heroi ausarta besteentzat. Alfabetizatzeko eskolak hartuko ditu gizonak, bizitako sarraskiak eta galdutako lagunak gogoratuko ditu tarteka, eta maitemindu  egingo da. Baina Delperok ez dio beste edozein herrikideri baino atentzio gehiago eskainiko. Pertsonaia nagusi bakarra ez duen filma izanik, komunitatearen erretratua egin nahi izan du italiarrak. Gerrara joan ez ziren bizilagunena, baina aldiz, ondorioak sufritu zituztenena.

Landa-eremuko dinamika tradizionaletan barneratu gaitu, eta begirada klasiko eta maskulinoa irauliz, berau sustengatu izan duten ama-alabak izango dira “bakea” galetzar dagoen familiaren motore. Horiek, etxea bera, eta batez ere, logelak izango dituzte elkargune. Logela batean ekingo dio VERMIGLIOk, eta gerora ere, etengabe itzuliko da zinemagile italiarra horietara. Ahizpen arnasgune dira, ala espetxe, agian? Amaren babesgune da, ez ote, kondena? Entzungo ditugun hizketaldi apurrak gertatuko dira bertan, Mikhail Krichman argazki-zuzendariak (Andrey Zvyagintsev errusiarraren ohiko kolaboratzaileak) erabili ohi dituen tonu hotz eta atsekabeekin filmatuta.

Baina pelikulak badu natura goratzeko inpultso garbi bat ere, eta bere handitasunera moldatzeko apustua. Paisaiari balio dramatiko zein narratiboa erantsi dio Delperok, Novecento-n (Bernardo Bertolucci, 1976) bezala. Trento inguruko goi-mendi elurtuek udaberriko euriteei eta udako eguzki itogarriari emango diote paso. Udazkenarekin batera, zuhaitzak biluzten joango dira, hala, lau urtaroak ezagutuko ditugu, kontaketa eliptikoak egitura ziklikoa beregain hartuko duelarik.

Patxadaz eta sotiltasunez errodatuta, erritmo (oso) geldoa darama filmak, eta nekeza bihur daiteke egungo azkartasunak kutsatutako ikus-entzuleentzat. Bigarren Mundu Gerra ardatz duen ohiko istorio batetik erabat urrunduko gaitu zinemagileak VERMIGLIOn: tiro hotsik ez dugu entzungo, batailarik ere ez, soldaduen gehiegikeriarik ez da agertuko. Horiek guztiak dagoeneko kontatu dizkigute beste hainbatek, asperdura ere eragiteraino.