Oier Plazak Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzelari buruz zuzendutako filma otsailaren 20an pantailaratuko dute, eta bi saio izango ditu: ikasleei zuzendutakoa goizean, herritar guztientzako prestatutakoa arratsaldean.
Memoria Historikoaren Astearen baitan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren babespean Baleuko ekoiztetxeak ekoiztutako Ikusezinak dokumentalak 2024ko maiatzean ikusi zuen argia, herrian bertan. Eta orain, Bermeon erakutsiko dute. Sollube 707 Mendizale Taldeak eta Bermeoko Mugimendu Feministak elkarlanean antolatuta, otsailaren 20an Nestor Basterretxea aretoan egongo da ikusgai: Bermeoko Institutuko 14 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehen saioa 13:20an abiatuko dute; herritar guztiei zabaldutako emanaldia 18:20an hasiko dute. Batean zein bestean, sarrera doan da.
Frankismo garaian Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko hainbat emakumeren espetxe izan zenari buruzko ikus-entzunezkoak “orainari eta etorkizunari” begiratzen dio: “Belaunaldi berrien transmisio-katea bilatzen du, zornotzarren, eta bereziki emakumeen, parte hartzea eta inplikazioa bultzatuz”.
Guztira, 1.200 emakume pasatu ziren kartzelatik, eta horietatik 42 hil ziren bertan, 6 ume baita. Hala ere, herritar gutxik dakite 1939tik 1940ra bitarte odol ospitalea izan zenaren, eta egun El Carmelo ikastetxea denaren, historia ezkutua. Emakume errepublikanoak, ezkerrekoak eta abertzaleak zigortzeko diseinatutako zigor-kartzelen sare baten parte izan zen, Francoren erregimenean “oso arriskutsutzat” jotzen zituztenak preso hartzeko sortutakoa.
Oier Plazak zuzendutako dokumentalak preso egon ziren emakumeen senideen testigantzak jasotzen ditu, besteak beste, Toledoko Tembleque udalerriko Angelina Gonzalezena; hita hil zioten faxistek eta ama Amorebieta-Etxanoko kartzelara bidali. Handik jaso zituen amaren maitasun gutunak baina baita denboraren joanean iraun duen kartzelan sortutako abestia ere, amak erakutsi ziona. Gainera, Arantza Ugarte Lopetegi, Ascensión Badiola Ariztimuño eta Ricardo Vinyes Ribas, historialarien zein Iban Gorriti Lopetegi kazetariaren hitzak ere bildu dituzte, Aranzadi Elkarteko kide eta herriko abesbatzetako partaideenekin batera.