%70era arte irits daitekeen onura fiskala baliatuta, 168 ekoizpen filmatu dira Bizkaian 2024an, tokiko filmaketak erakarri, kudeatu eta laguntzeko zerbitzu publikoa den Bilbao Bizkaia Film Commission erakundearen arabera. Guztira, 43 iragarki, 7 argazki-saio, 16 film labur, 25 telebista-programa, 28 dokumental, 8 bideoklip eta 2 webserie filmatu ziren, 74 udalerritan.

Europako Batzordearen berariazko baimena jaso berritan, Bizkaiko Foru Aldundiak kultura sustatzeko pizgarri fiskalak eguneratzeko asmoa agertu zuen 2022ko uztailean. Hala, 2023az geroztik, Bizkaiak zerga-pizgarriak eskaintzen dizkie nonahiko ekoizpenei, betiere, horien balio kulturala egiaztatua badago. Kopuru horien zenbatekoa % 35etik % 60ra bitartekoa da, eta % 10 gehiago handitu daiteke euskara hutsean egindako ekoizpenetarako; kasu horretan, beraz, %70eko gehieneko kenkaria lor daiteke.

Bada, Bilbao Bizkaia Film Commissionek lurralde 2024an Bizkaian egindako ikus-entzunezko ekoizpenen berri eman du aste honetan, eta aurkezturiko datuen arabera, %11 areagotu dira onura fiskal hori baliatuta ondu diren denetariko ekoizpenak (168) lurraldean, % 26 filmatze-egunak (1.294), % 133 film luzeen ekoizpena (28) eta % 57 telesailen errodatzeak (11).

Guztira, 43 iragarki, 7 argazki-saio, 16 film labur, 25 telebista-programa, 28 dokumental, 8 bideoklip eta 2 webserie filmatu ziren Bizkaiko 74 udalerritan. Era berean, ikus-entzunezkoen ekoizpenean aritzen diren 448 enpresa zenbatu ditu Bilbao Bizkaia Film Commissionek, eta azaldu dute horiek 1.941 enplegu sustatu dituztela.

Besteak beste, Soy NevenkaAzken erromantikoakLos aitasLa treguaKarmele eta Maspalomas film luzeak errodatu dituzte lurraldean, eta Zeru ahoakQuerer eta Catch you later telesailak.