Otsailaren 16an, Kultur Etxean egongo dira ikusgai 2024ko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko film onenak. Sarrerak salgai daude dagoeneko.
Inoizko edizio onena agurtu eta berehala, zinema, mendia eta abentura uztartzen dituen zinemaldi bilbotarrak herriz herriko ibilbidea hasi zuen urtarrilean. Xixonen izan zuten lehen hitzordua, AMA Torrecerredo klubak antolatutako 45. Nazioarteko Mendi Astearen baitan, eta 300 ikus-entzule inguru bildu ziren bertan.
Ziklo ibiltaria Euskal Herrira iritsi zen ostean, eta ordutik, han eta hemen ari dira erakusten 17. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko lan onenak. Zangozan, Getxon, Ataunen eta Iruñean geldialdia egin du dagoeneko Mendi Tourrak, eta Vigotik pasatu ostean Irurtzun bisitatuko du.
Iratxo Elkartearen eskutik, eta Irurtzungo Udalaren babesarekin, Mendi Astearen baitan programatu dute ekimena. 19:00etan hasiko da saioa, Kultur Etxean, eta sarrerak 6 euroan eskuratu daitezke irurtzun.eus edota Kultur Etxean bertan.
Jarraian duzue egitaraua:
- Haize lerroak (Janire Etxabe, 2024) – 13’ | 2024ko Mendi Filmeko sail ofizialean lehiatutakoa
- The Ice Builders (Francesco Clerici, 2024) – 15’ | 2024ko Mendi Filmeko sail ofizialean lehiatutakoa
- Nuptse L’inaccessible absolu (Hugo Clouzeau, 2024) – 67’ | 2024ko Mendi Filmeko Zabalandi sailean erakutsitakoa