Emovere enpresak atera duen argazkia oinarri hartuta, kartela Ytantosek diseinatu du. Bertan, Stop trafiko seinale bat ageri da, urpean.

Giza eskubideen zinemaldia 22-kartela-zinea

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak antolatua, apirilaren 4tik 11ra bitartean ospatuko dute Giza Eskubideen 22. Zinemaldia. Oraindik ia bi hilabete falta badira ere, lehen xehetasunak argitu dituzte, tartean aurtengo edizioko irudi nagusia. Emovere enpresak atera duen argazkia oinarri hartuta, kartela Ytantosek diseinatu du. Bertan, Stop trafiko seinale bat ageri da, urpean.

Sail ofizialeko eta bestelako jardueren berri ez dute oraindik eman, baina ohi bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak martxan jarri du Gazte Epaimahaia osatzeko deialdia. 18 eta 30 urteko 100 gazte inguruk osatuko dute, eta nazioarteko lehiaketako film labur onena erabakitzeko ardura hartuko dute.

Bestetik, ikastetxeentzako saioak prestatuko dituzte ere. Saioek formatu presentziala izango dute aurten eta horietan Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz (Marramiau Sorkuntza Taldea) eta  Basatiak (Claude Barras) filmak eskainiko dituzte euskaraz; Mariposas negras (David Baute), aldiz, jatorrizko bertsioan eta euskarazko zein gaztelaniazko azpitituluekin. Halaber, filmek azaldutako gaietan sakontzeko, gida didaktikoak banatuko ditu jaialdiak.

Saharar herriaren aldeko abestiak

Mendebaldeko Saharako herriak bizi duen egoeraren berri emateko asmoz, martxoaren 8an Kantuan harresiaz gaindi: Saharar herriaren aldeko abestiak kontzertua eskainiko dute. Club 44 eta Donostia Kulturak antolatu dute, Giza Eskubideen Zinemaldiaren bidez, Donostiako Udaleko Lankidetza Sailaren laguntzarekin.

Honela azaldu dute antolatzaileek ekimena: “Iritzi publikoaren arreta Israel Gazan egiten ari den genozidioan dagoenez, inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea aurten betetzen direla 50 urte Morokkok Mendebaldeko Sahara okupatzen duenetik. Kontzertu honetan Estatu osoko 52 artistek (3 CD), lau hizkuntza ofizialetan, herri saharatarraren alde egindako abestien kaja bat aurkeztuko da”.

Sarrerak salgai daude otsailaren 14az geroztik, Donostia Kulturaren ohiko kanaletan (leihatiletan eta webgunean).