El Diablo Fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la mismo caja) (Ernesto Martínez Bucio) eta Duas vezes (João Liberada de Paula Tomás Marques) obrak Perspectives sailean lehiatuko dira.
Atzo bertan hasi eta otsailaren 23ra bitartean ospatuko den Berlinale – Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdian Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako bi filmek mundu mailako estreinaldia izango dute. Sorkuntza Masterreko Ernesto Martínez Buciok eta João Liberada de Paula Tomás Marquesek bere lanak aurkeztuko dituzte datozen egunotan.
Mundu osoko 14 opera primekin batera lehiatuko dira El Diablo Fuma (y guarda las cabezas de los cerillos quemados en la mismo caja) eta Duas vezes obrak, Perspectives sailean, eta 50.000 euroko saria irabazteko hautagaiak izango dira. GWFFk (Gesellschaft zur Wahrnehmung von Film- und Fernsehrechten) finantzatuko du, zinema- eta telebista-eskubideak babesten dituen elkarteak. Sariaren zenbatekoa film irabazlearen ekoizleen eta zuzendarien artean banatuko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak abian jarritako eskola da EQZE, eta Goizane Álvarez diputatuak ikasleak zoriondu ditu: “Prestakuntza eskolan jaso duten profesionalek nazioarteko zinema-jaialdietan gero eta presentzia handiagoa izatea oso seinale positiboa da, erakusten baitu EQZE lan bikaina egiten ari dela duela zazpi urte abian jarri zenetik. Lurralderako oso garrantzitsua da ikasleek beren ezagutza zinematografikoak sendotzeko eta prestatzen jarraitzeko zentro bat izatea”.
Bigarren urtez jarraian estreinatuko dira EQZEn garatutako poriektuak Berlinalen. Izan ere, iaz, Piñeiro Sorkuntza Masterraren koordinatzailearen Tú me abrasas filma aukeratu zuten, eskolako komunitatearen barruan sortu zena. Ikastetxeko promozio desberdinetako ikasle-talde handi batek Cesare Paveseren Leucó-rekin elkarrizketak kapituluan oinarritutako proiektua ahalbidetu zuen lantaldean parte hartu zuen.
2025ean FIPADOC (Biarritz), London Short Film Festival eta IFFR (Rotterdam) jaialdietan aukeratu dituzte EQZEko lanak, eta estaerako, Maria Inês Gonçalves hirugarren promozioko Sorkuntza ikaslearen La durmiente film laburrak Europako Film Labur Onenaren Sarirako izendapena lortu du.
Berlinale Talents
María Elorza zinemagile arabarrak Berlinale Talents topaketan parte hartuko du aurten. Klase magistralak eta profesionalekin bilerak izango ditu bertan. Proiektu jakinik gabe doa, nahiz eta Caro Bastiano filma duen esku artean.