José Luis Borauk zuzendutako lana 4K kopia zaharberrituan proiektatuko dute, Klasikoak atalari hasiera emanez. Gainera, Malagako zinema-jaialdiak, Espainiako Filmategiak eta Dama erakundeak Caimán Cuadernos de Cine aldizkariarekin eta festibal donostiarrarekin lankidetzan, liburu berezi bat argitaratuko dute.
50 urte beteko dira aurten José Luis Borau zinemagile espainiarraren Furtivos filma estreinatu zenetik, eta efemeridea ospatzeko hainbat ekimen iragarri dituzte. Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategia omenaldietara batu dira, eta iragarri dutenez, festibal donostiarraren 73. edizioan ikusgai izango da lana. Klasikoak atala inauguratuko du. Aurretik, 28. Malagako Zinema Jaialdian goratuko dute ere, Video Mercury Films / FlixOlék zaharberritutako 4K kopia batekin. Jatorrizko negatiboa (35mm) erabili dute prozesua gauzatzeko, eta Manuel Gutiérrez Aragón gidoigileak gainbegiratu du.
Hain zuzen ere, Gutiérrez Aragónekin batera idatzi zuen Borauk Furtivos, eta Ovidi Montllor, Lola Gaos eta Alicia Sánchez ditu protagonista. Ángel isileko ehiztariaren istorioa kontatzen du. Basoan bizi da Ángel bere ama Martinarekin, izaera tiraniko eta oldarkorreko emakumea berau. Hirira egindako bidaia bakanetako batean, Milagros ezagutuko du, erreformatorio batetik ihes egin duen emakume gazte bat, gaizkile ezagun baten maitalea. Ángelek babesten eta etxera eramango du Milagros. Martinak ezinikusia dio Milagrosi, baina Ángel erakarri egiten du gazteak, eta horrek, pertsonaien arteko harremanen itxura klaustrofobikoarekin batera, drama bat sortuko du.
Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra eta espainierazko film onenaren Kantauriko Perla Saria irabazi bazituen ere, agintari frankistek erabat baldintzatu zuten beronen erakusketa; Cannesko eta Berlingo zinemaldietan ez zuten onartu. Gorabeheratsua da pelikularen historia, eta hain zuzen ere, xehetasun guztiak jaso dituzte Málagako zinema-jaialdiak, Espainiako Filmategiak eta Dama erakundeak Caimán Cuadernos de Cine aldizkariarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan argitaratutako liburu batean. Carlos F. Herederok idatzi du, Furtivos. 50 años izenpean, eta erradiografia osatua dakar ikerketak: kronologia, zifrak, paperak, gidoiaren idazketa, ekoizpen-plana, diruak, kontratuak, kokalekuak, filmaketaren gorabeherak, zentsuraren aktak, jaialdiekin izandako elkarrizketak, banaketa, leihatila, nazioarteko zirkulazioa, eztabaidak, mehatxuak eta abarrak, Boraurekin filmari buruz egin zen eta orain arte zorrozki argitaragabea izan den elkarrizketa bat…