Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dute. Festibalaren webgunean zein Baluarteko leihatilan eskuratu daitezke sarrerak.
Otsailaren 24an abiatuko dute 19. Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, eta behin egitaraua argituta, ikus-entzuleek emanaldi guztietara gerturatzeko sarrerak eros ditzakete. Atzotik martxan da sarreren salmenta, festibalaren webgunean zein Baluarteko leihatilan. Sarrera orokorrak 3 euroko kostua du, baina hainbat saio doan izango dira.
13 herrialdetako 17 film (10 film luze eta 7 labur) lehiatuko dira martxoaren 1era bitartean ospatuko den zinemaldiko sail ofizialean, eta ekoizpen euskal herritar bat ere izango da bertan. Nafarroan estreinaldia izango du Maddi barberrek eta Marina Lameirok zuzendutako Cambium film ertainak; nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartzetik dator, hala nola, Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edota Rencontres Internationales Paris/Berlin ekitaldietatik. Horrez gain, mundu mailako eta nazioarteko launa estreinaldi izango ditu Punto de Vistak, Espainiako Estatuko zazpi.
Aurtengo edizioari hasiera eta amaiera emateko film bereziak aukeratu dituzte. Izan ere, denboran atzera begira, obra historiko bana pantailaratuko dute, azaldu dutenez, bere garaian oso estimatuak izan ez zirenak, baina orain, “jaialdiak beste ikuspegi batetik begiratuta berreskuratu nahi izan ditu”. Miñuca Villaverde zinemagile kubatar aitzindariaren Tent City (1980) dokumental bakarrarekin abiatuko dute jaialdia, eta Frans van de Staak zinemagile nederlandarrari eskainitako atzera begirakoaren parte den Sepio (1996) filma proiektatuz agurtuko dute. Anne-Marie Faux zinemagile frantsesaren obra melankoliako eta gogoetatsua ezagutzeko aukera egongo da ere.
Gainera, animalia basatien desagerpenari buruzko ziklo bat aurkeztuko dute: Adiós a los animales. Fokuak bost saio izango ditu, eta gizakiene ta animalien arteko harremanean sakonduko du.
Kontaktuak atalean, bestalde, Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972) artista bisuala izango dute gonbidatu. Oteiza Museoak antolatutako Faux départ / Cabeza Borradora erakusketaren harira, Garmendiaren eta Antonio Menchenen arteko elkarrizketa bat hartuko du jaialdiak. Iruñeko Ziudadelan bideo-instalazio bat ere egongo da bisitagarri.
Horrez gain, hiri osoko ikus-entzuleengana festibala hurbiltzeko asmoz, bitartekaritza-programa aurkeztu du Punto de Vistak aurten ere: haurrentzako bi tailer, Gazte Programatzaileak ekimena, familia osoarentzako zinema saio bat eta batxilergoko ikasleentzako beste bat prestatuko dituzte.