Euskal zinemaren katalogo esklusiboa aurkeztu du Zineuskadi Elkartearen baitako Basque.Audiovisual. markak. 2025ean, gurean ekoiztu diren ikus-entzunezkoen bilduma egiteaz harago, Espainiar Estatuko zein nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan erabiliko duten lan tresna izango da honakoa.

Hilabeteetako lanaren ostean, leku bakar batean bildu dituzte martxan dauden euskal ekoizpen guztiak. Jada aurkeztu eta eskuragarri daudenak, edo oraindik ere sortze-bidean daudenak, egoeraren arabera antolatuta: garatzen ari diren proiektuak, ekoizpenean daudenak eta amaituta daudenak. Katalogo hori formatu fisikoan eta online dago eskuragarri, edozein unetan eta edozein gailutatik kontsultatzeko moduan, eta gure lurraldeko panorama zinematografikoa zuzenean ezagutzeko aukera emango dio kontsulta egiten duen orori.

Erabilera aldetik, online katalogoak bilatzaile intuitibo bat du, proiektuak erabiltzaileari gehien interesatzen zaion ezaugarrien arabera iragazteko aukera emango diona, eta, horrela, bere premiei lotutako produkzioak bilatzea errazten du.

Espainiar Estatuko zein nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan

Proiektuen gaineko informazio orokorra jasotzeaz ginera, lanerako tresna aproposa da katalogoa, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eskuragarri dauden pizgarri fiskalei buruzko funtsezko informazioa ere jasotzen baitu. Horri esker, aldebiko funtzioa bermatu diote egileek: batetik, katalogazioa berarena eta, bestetik, lan tresna gisa nazioartekotzeko balioa. Izan ere, helburu nagusietako bat da Espainiar Estatuko zein nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetara eramatea.

BASQUE AUDIOVISUAL KATALOGOA